NAIZ
BARAÑAIN

David Plaren atxiloketa salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Barañainen

David Plak pairatu duen atxiloketa eta estradizioa salatzeko manifestazioa egingo dute larunbatean 13.00etan Barañaingo Udal Plazatik abiatuta. «Horrelako erasorik ez dugu onartuko», nabarmendu zuten Lakuan egindako agerraldian.

David Plaren atxiloketa salatzeko asteazkenean Barañainen egin zuten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
David Plaren atxiloketa salatzeko asteazkenean Barañainen egin zuten agerraldia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Daviden euroagindua onartu ostean haren atxiloketa eta astebeteko neurrigabeko espetxeratzea saltzeko elkartu gara arratsalde honetan Barañaingo herritar ezberdinak. Horrelako erasorik ez dugula onartuko adierazteko», nabarmendu dute asteazkenan Plaren atxiloketa salatzeko egin zuten agerraldian.

Bertan, larunbatean, 13.00etan, Barañaingo Udal Plazatik abiatuta manifestazioa deitu dutela iragarri dute.

«Badakigu azken hilabetetan Davidek bizi izan duen egoera ez dela kasualitatea izan, egun bizi dugun testuinguruan,   inoizko adostasun zabalena dagoenean euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde, Euskal Herriak bizi duen urteetako gatazka politikoa bere osotasunean konpontzeko aurrera pausoak ematen diren bitartean ...  bide hori oztopatzeko beste ahalegin bat dugu euroaginduaren onarpenarekin hasi eta pasaden osteguneko espetxeratzearekin jauzi bat eman zuen honakoa», salatu dute. 

«Estatu Sakona dugu aurrean. Edozer egiteko prest dagoena. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoak gure herrian aukera-leihoak zabaldu daitezen zapuzteko saiakeran dihardute. Izan ere, Davidek aukera-leiho bat zabal dadin lan egin du. Euskal Herriko gatazka politikoak konpontze bidean jar lezakeen agertoki berri baten alde jardun du. Eta hori da Estatu Sakonak zigortu nahi duena», adierazi dute.

«Auzitegi Nazionalak bere euroagindua eskatzeko arrazoia aitzakia baino ez da. Izan ere, orain Barne Ministroa den Grande-Marlaska bere atxilotze agindurako ezarritako inputazioa frantziar poliziak idatzitako bi txostenetan ezeztatu zen. Eta hori horrela izanik ere, Frantziar Estatuak euroaginduari bide eman zion eta atxilotu eta espetxeratu ostean Espainiar Estatuaren esku utzi zuen», gogoratu dute.  

«Estatu Sakona edozer egiteko prest dago. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa edozer egiteko prest dago gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman ez dadin. Are gehiago, gerran daude gatazka konpontzeko edozein soluzio-hipotesiren aurka. Estatu Sakon horri, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatiko horri zera adierazi nahi diogu: errepresio bidez, euroaginduekin,  Auzitegi Nazionalarekin, ez dute agertoki berri bat irekitzeko aukera lortzearen aldeko bultzada geldituko», gaineratu dute.