Amaia U. Lasagabaster

Mendilibarrek ez du «beldurrik» nahi Barcelonaren aurka

Eibarrek ez du puntu bakar bat lortu Nou Campera egindako bost bisitetan. Derbian bete behar zuen zigorra dela eta, Charlesek ezin izango du partida jokatu. Ramis, Bigas eta Kike ere deialditik kanpo geratuko dira.

Messik 15 gol egin dizkie eibartarrei dagoeneko. (Juanan RUIZ/FOKU)
Messik 15 gol egin dizkie eibartarrei dagoeneko. (Juanan RUIZ/FOKU)

Eibarrek ez du puntu bakar bat lortu Nou Campera egindako bost bisitetan baina, seigarrena heltzear dagoela, ezin du «beldurrik» eduki, José Luis Mendilibarren esanetan.

«Euren bideoak ikusten egon gara, zein gauza onak, eta zenbat, egiten dituzten. Eta ikuspuntu horretatik beldurrezko pelikula bat ikusten ari ginela zirudien –esan du zaldibartarrak irribarretsu–. Baina beldurtuta bagoaz, akabo». «Ondo dago aurkariak zer egiten duen jakitea –gaineratu du– baina guk ere zer edo zer esateko badaukagula konbentzituta joan behar dugu. Ez dakit asko edo gutxi den, baina zer edo zer badaukagu esateko. Eta hori ondo egiten saiatu behar gara. Konzentratuta, konbentzituta eta beldur barik joan behar gara».

Mendilibarrek golen bat sartzea «ezinbestekoa» izango dela ere onartu du, «badakigulako Barcelonak beti sartzen duela gutxienez bat bere zelaian. Hori ere kontutan hartu behar dugu». Halaber, «gurea oso ondo egiteaz gain», beharrezkoa izango litzatekela «aurkariak bere egun onena ez edukitzea. Eurak ondo badaude, normalena da partida eurek irabaztea. Baina hain ondo ez badaude eta, batez ere, guk ondo egiten badugu egin behar duguna, aukerak izango ditugu».

Bihar egingo dute eibartarrek asteko lan saioa baina ustekaberik ez badago, Ramis, Bigas, Kike eta Charles izango dira baja bakarrak larunbateko norgehiagokarako; aurreko hirurak lesionatuta daudelako eta aurrelari brasildarrak, zigorra ezin izan zuelako derbian bete.

Atzeratutako partida horri dagokionez, Mendilibarrek armaginak jokatzearen aldekoak zirela adierazi du. «Baina agintzen dutenei kaso egin behar zaie. Horrela adostu zuten eta onartu behar dugu», esan du. Entrenatzaileari ez zaio hainbeste inporta norgehiagoka jokatu ez izana, baizik eta «egutegia nola estutuko» duen martxoaren 10ean jokatzeak.