NAIZ
BILBO

NAIZ eta 40 Minutu Rock, beste behin elkar hartuta

Beste urte batez, hilaren 29an Durangoko Landako Gunea elkartasunez beteko du 40 Minutu Rock jaialdiak, aurtengoan ere NAIZ bidelagun izango duela. Sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. 

40 Minutu Rock-eko antolatzakuntzako Ainhoa Iraola eta Aritz Maldonado, NAIZeko marketin eta komunikazio arduragun Asier Iñigorekin. (Gorka RUBIO/FOKU)
40 Minutu Rock-eko antolatzakuntzako Ainhoa Iraola eta Aritz Maldonado, NAIZeko marketin eta komunikazio arduragun Asier Iñigorekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

Herrialde gutxitan izango dute hain konnotazio argia 40 minutuk. Ondo baino hobeto dakite hori astebururo-astebururo espetxe politika ankerraren ondorioak pairatzen dituzten senide eta lagunek.

Herri gutxitan izango dira, halaber, desagertzeko bokazioz jaiotako musika jaialdiak. Horietako bat da, hain zuzen, 40 Minutu Rock jaialdia, herri honetan preso, iheslari edo deportatu bakarra dagoen bitartean konpromisoari eusten diona eta, aurten ere, hilaren 29an, Durangoko Landako Gunea elkartasun doinuekin leporaino beteko duena.

Goizeko 10.30ean hasi eta goizaldeko ordubiak arte luzatuko den seigarren edizio honetan, 17 talde izango dira taula gainean, ohiko formatuan (bi oholtza eta karpa txiki bat), elkartasun sugar hori bizi mantentzeko aletxoa jartzen. 

 

Jaialdiaren arrakastaren erakusgarri da sarrera guztiak agortuta daudela eta, beraz, egunean bertan ez dela sarrerarik salgai egongo.

NAIZ-40 Minutu Rock hitzarmena

NAIZ eta 40 Minutu Rock-en arteko hitzarmenari esker, hala nahi izan duten harpidedun guztiek gonbidapen bana eskuratu dute jaialdira joateko.

Akordio hau NAIZek musikarekin eta herri honetan presorik egon ez dadin konpromisoaren isla argia da, baina ekarpena ez da horretara mugatuko eta, noski, kazetaritzaren eremutik ere egingo du ekarria: jaialdiaren jarraipen berezia egingo da NAIZen eta NAIZ Irratiak ere saio berezia egingo du, bertaratzerik ez dutenek han baleude goza dezaten.

Egunari begira, goiz joateko gomendioa egin du antolakuntzak, sarrera bakoitzaren ordez pultsera bana emango baitzaie doazen pertsona guztiei. Dena behar bezala atera dadin, 500 boluntario ariko dira lanean. 

Argi utzi dute ez dela eraso matxista, homofobo edo arrazistarik onartuko. Horregatik, eraso sexistak salatzeko telefono bat ere egongo da (677 822 052).