Olga Tokarczuk Literatur Nobel sariduna Donostian izango da

Idazle poloniarra iaz zen Donostiara etortzekoa, baina azkenean bisita atzeratu behar izan zuen. Hala ere, aurrerago etorriko zela hitza eman zuen eta bere hitza beteko du martxoaren 13an, Literaktum Topaketak programa zabaltzeko.

NAIZ|DONOSTIA|2020/02/20
Olga_tokarczuk
Olga Tokarczuk idazle poloniarra Donostian izango da. (Lucasz GIZA)

Iaz, Literatur Nobel Saria jaso berritan, Olga Tokarczuk (Sulechow, 1962) idazleak Donostiara egitekoa zuen bisita bertan behera gelditu ondoren, albiste onak datoz haren jarraitzaileentzat: Donostia Kulturak baieztatu duenez, egilea datorren martxoaren 13an izango da hiriburuan, Literaktum Topaketak programari hasiera emanez.

San Telmo museoan izango diren jarduera hauetan, urtean zehar ibilbide ezaguneko nazioarteko egileen bisitak jasoko dira. Europako literaturan aditua den Mercedes Monmany idazleak lagunduta, Olga Tokarczukek bere ibilbide literarioa berrikusi eta 2019an argitaratutako ‘Los Errantes’ eleberrira (‘Bieguni’ jatorrizkoan) hurbilduko ditu irakurleak. Jarduera hau Madrilgo Poloniako Kultura Institutuarekin batera antolatua izan da.

Olga Tokarczuken hitzek honela definitzen dute bere obra: «Jendea batzen duen literaturan sinesten dut, zein antzekoak garen erakutsi eta guztiok hari ikusezinez lotuak gaudela jabetzera garamatzana. Munduaren historia osotasun bizi eta bateratu bat balitz bezala kontatzen duena, gure begien aurrean etengabe garatzen dena; gu zati txiki bat baino ez garena, baina aldi berean ahaltsua».

Hitzaldia San Telmo Museoko Kaperan izango da, martxoaren 13an, 19.00etan, eta
sarrera librea izango da aretoa bete arte.

Poloniako idazte eta saiogilea Nobel sarien ehun urte luzeko historian izandako hamabosgarren emakume saritua bihurtu zen iaz. Epaimahaiak «irudimen narratiboa» eta «pasio entziklopedikoa» txalotu zituen. Egilea ezaguna da bere herrialdean mugimendu ultraeskuindarren kontrako aktibismoagatik. Sikologoa prestakuntzaz, nobelak, eszena-egokitzapenak, ipuin-liburuak eta hainbat poemabilduma kaleratu ditu Tokarczuk-ek.

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.