Nafarroan euskaraz ikasteko oztopoak salatzeko manifestazioa deitu dute, otsailaren 29rako

Euskarak Nafarroan pairatzen dituen politikek kaltetutako hainbat guraso taldek manifestazioa deitu dute otsailaren 29rako, Iruñean. Bertan euskal hizkuntza «eskubidea» dela aldarrikatuko dute.

Aitor AGIRREZABAL|Iruñea|2020/02/21
Haur_eskolak
Euskaren aurkako politikek kaltetutako gurasoen agerraldia. (Iñigo URIZ / FOKU)

‘Euskara eskubidea. Ni más, ni menos’ lelopean manifestazioa eginen dute nafar hiriburuan, otsailaren 29an. Golem zinemetatik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan. Iruñean gaur egin duten agerraldian, euskararen inguruko politikek kaltetutako bi gurasok hartu dute hitza: Itziar Zabalza, Iruñeko haur eskolako gurasoa, eta Josu Goñi, Mendigorriko gurasoa.

«Gaur gaurkoz, euskaraz ikasteko oztopoak ditugu Nafarroa osoan eta irakaskuntza maila guztietan», ekarri dute gogora. Euskaraz bizitzea «hautua» dela defendatu dute eta hau «modu egokian» egiteko aukera bakarra euskarazko murgiltze eredua dela nabarmendu. «Barkaezina da gure hizkuntzaren irakaskuntza nafar guztiei ez bermatzea nafar Instituzioetatik», adierazi dute.

Iruñean, azkena, haur eskoletan emanen den atzera pausoa da. Urte luzez nafar hiriburuan bi haur eskoletan soilik eskaintzen zen euskarazko eredua eta, aurreko legealdian, Joseba Asironek hori bikoiztu egin bazuen, orain Enrique Mayak (NA+) bi haur eskoletara mugatu du berriz ere eskaintza. Eta horietako batek bakarrik izando du murgiltze eredua. «Eskaintza eta eskaria binomioaren atzean ezkutatu nahi da euskarafobia gordina». Honek Antsoaingo haurrei ere eragingo die, bertan ez baitago euskarazko eskaintzarik sare publikoan eta Iruñera jo ohi dute. «Zailago izanen dute berez injustua den hori egitea».

Haur eskoletatik haratago, Mendigorriko kasua izan dute hizpide. «Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako herritar gisa tratatuak, aukera berdintasuna ukatuz», salatu dute. Zentzu horretan, Hezkuntza Departamentuak Kastejoneko ikastetxeari PAI programatik ateratzea eta D ereduan sartzea ukatu diola ekarri dute gogora.

Trabak eremu misto eta ez euskaldunetik haratago doaz. «Sakanan arazoak daude Lanbide Heziketan ikasketak euskaraz egiteko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikasle askok, euskaraz ikasteko beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dute», gehitu dute.

Era berean ez dituzte ahaztu nahi izan euskarazko hedabideei kendutako diru-laguntzak, ordenantzen murrizketak eta baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Iruñean edo Lizarran pairatutako zentsura. «Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia. Euskara eskubidea delako, ni más ni menos».

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.