NAIZ

CAFek Jerusalemgo Tren Arina eraiki ez dezan kanpaina abiatu dute Ordiziatik

«CAF enpresari giza eskubideak errespetatuz nazioarteko legeria bete eta Jerusalemgo Tren Arina ez eraikitzeko eskaera» luzatzen duen kanpaina abiatu dute, Ordizian larunbatean eginiko agerraldi batean.

Palestinako ikurra, Ordiziako aurkezpenean. (Kizkitza ORMAETXEA ARRATIBEL)
Palestinako ikurra, Ordiziako aurkezpenean. (Kizkitza ORMAETXEA ARRATIBEL)

Abuztuan jakin zen CAF enpresa, Shapirrekin batera, Jerusalemgo Tren Arina eraikitzeko esleipena jaso duela, eta geroztik eragile ugarik kritikatu du, tartean Beasaingo enpresa batzordeak. Orain kanpaina zabala abiatu da, larunbatean Ordiziako Barrena jauregian egindako ekitaldi baten bitartez.

Honekin, Euskal Herriko BDZ (Boikot, Desinbertsio eta Zigor) mugimenduak enpresari «giza eskubideak errespetatuz nazioarteko legeria bete eta JTA ez eraikitzeko eskaera luzatzen dio».

Kanpainak ardatz duen dokumentua Euskal Herriko 70 eragile baino gehiagok sinatu dute, tartean sindikatuak eta alderdiak. Hala Bedik egindako dokumentalaren laburpena ere proiektatu zen aurkezpenean, tranbia honen egitasmoak palestinarrei eragiten dien kalteak biltzen dituena.

Ekimenak nabarmentzen duenez, «lanak esleitu aurretik, nazioartean garrantzi handia duten enpresek uko egin zioten lehiaketari. Hauetako batzuk palestinarrekiko giza eskubideen urraketarekiko larritasuna aipatu zuten. Eta duela aste pare bat Nazio Batuen Erakundeak Palestinako lurren okupazio ilegalaren konplize diren zerrendan agertu zen CAFen kide den Shapir enpresa».

Manifestuak, bidenabar, Veolia enpresari gertatutakoa birgogoratu nahi izan du: «Frantziako enpresa honek tranbia honen ernamuinaren lehen fasea eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen baina, 2015ean, nazioarteko boikot kanpaina medio 20.000 milioi euro galduta proiektuarekin jarraitzeari uko egin behar izan zion».

«Gainera, ezin da alde batera utzi CAFek berak duen jokabide etikoaren arabera ‘giza eskubideak eta askatasuna bermatzea’ beharrezko ikusten duela lanak egiten dituen toki orotan», erantsi dute.