Ibai AZPARREN

Ikertutako ezker abertzaleko hamabi lagunetatik seik Auzitegi Nazionalean deklaratu dute

Ezker abertzaleko sei kide aski ezagunek Auzitegi Nazionalean deklaratu dute astelehen honetan. «Terrorismoa goratzearen delitu jarraitua» egotzi diete, baina galdeketa Kalera Kalera dinamikari buruzko galderei zuzenduta egon da, defentsako abokatuek NAIZi adierazi diotenez.

Antton Lopez Ruiz, Intxaurrondotik ateratzean urtarrilaren 22an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Antton Lopez Ruiz, Intxaurrondotik ateratzean urtarrilaren 22an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Astelehen honetan 10:00etan deklaratzera deitu dituzten ezker abertzaleko hamabi militanteetatik seik, azkenean, 12:15 aldera deklaratu dute epailearen gaizki-ulertu batengatik. Izan ere, Manuel Garcia Castellon instrukzio epaileak argitu du epaiketa 09:30ean zela eta, hortaz, zitazioa okerra zen.

Pasa den urtarrilaren 22an, Oihana Garmendia, Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Sortuko kideak atxilotu zituen Guardia Zibilak eta koarteletara deklaratzera eraman, ongi etorriak antolatzearen akusaziopean. Orduan jakitera eman zen auzi handi bat osatzen ari dela Auzitegi Nazionalean, antza azken urteotan euskal presoei egindako 95 harrera biltzen dituena.

Otsailaren 20an, ikerketa berberaren barruan, ezker abertzaleko hamabi kide aski ezagun Auzitegi Nazionalera deitu zituzten.

Horren harira, Amaia Izkok, deklarazioen ondoren NAIZi egindako adierazpenetan, jakinarazi du astelehen honetan deklaratu duten Alberto Matxain, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar eta Miren Zabaletari «terrorismoa goratzearen delitu jarraitua egotzi zaien arren, Kalera Kalera dinamikari buruz galdetu dietela bereziki».

«Kalera Kalera dinamikaren egituraren inguruan galdetu diete, arduradunen inguruan, egitura eta antolaketaren inguruan», adierazi du Izkok.

Bestalde, urtarrilean sarekada horretan atxilotutako lagunek martxoaren 3an deklaratu beharko dutela iragarri du abokatuak.