Naiz

Pepa San Martinek Zinegoak jaialdiko Ohorezko Saria jasoko du gaur iluntzean egingo den galan

Zuzendari txiletarraren zinema konprometitua omenduko du Zinegoak jaialdiak astelehen honetan inaugurazio galan. Ohorezko Saria Pepa San Martineri eman ostean, Ekai Lersundi gaztea gogoan duen ‘Mi pequeño gran samurai’-ren proiekzioarekin emango diote hasiera zinema festibalari.

Pepa San Martin eta Pau Guillen, gaur goizean. (NAIZ) Pepa San Martin eta Pau Guillen, gaur goizean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Pepa San Martin eta Pau Guillen, gaur goizean. (NAIZ) Pepa San Martin eta Pau Guillen, gaur goizean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Zinegoak jaialdiak Pepa San Martin zuzendariaren ibilbidea aitortuko du gaur iluntzean ospatuko den inaugurazio galan. Bilboko gaylesbitrans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak zuzendari txilatarraren zinema konprometitu eta ahaldundua txalotu nahi du Ohorezko Sariaren bidez.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu duenez, «zinema eta kultura mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen ditu San Martinek». Zinemagileak emakumeei dagokien espazioa eta ikusgarritasuna aldarrikatzen du bere lanaren bidez, bai Txileko gizartean, bai zinemaren industrian.

2011n eta 2012an ‘La Ducha’ eta ‘Gleisdreieck’ zuzendu zituen, hurrenez hurren. Lan hauetan oso argi utzi zuen zein izango zen bere asmoa etorkizunean. Izan ere, bi lan hauetako protagonistak emakumeak eta lesbianak dira. Bietan, zuzendariak lotura afektibo sakon eta konplexuak deskribatzen ditu. Eta bietan ere, Macarena Lopez eta Marianne Mayer-Beck ekoizleekin lan egin zuen. Bi lanekin nazioarteko hainbat sari jaso zituen, besteak beste, Berlinaleko Film labur Onenaren DAAD Saria eta New Yorkeko Nazioarteko Zinemaldiko Film labur Onenaren Saria (2011) edo Valdiviako Zinemaldiko Film labur Onenaren Saria (2012).

2016an, ‘Rara’, bere lehen film luzea, kaleratu zuen eta arrakasta lortu zuen publikoaren eta kritikaren artean. Nazioartean hainbat sari lortu zituen, besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos saria. Lan horretan, San Martinek Karen Atala jatorri palestinarra duen abokatu eta epaile txiletarraren benetako istorioa kontatzen du. Atala bere burua lesbiana gisa izendatu zuen Txileko epailetzako lehen profesionaletako bat izan zen. Protagonista lesbianak izanda, publiko orokorrerako kalifikazioa lortu zuen lehenengo pelikula izan zen Txileko zinema areto komertzialetan.

Zinemagilea Bilbon geldituko da datozen egunetan otsailaren 26an masterclass bat eskainiko baitu Euskal Herriko Zinema Eskolan.

San Martinek saria jaso ostean, jaialdiari hasiera emateko, Ekai Lersundi gazte transexuala oroitzen duen Arantza Ibarraren ‘Mi pequeño gran samurai’ filma estreinatuko dute Arriaga Antzokian.