Amaia Ereñaga

Bertolt Brecht-en tokiko «Ama Kuraia» indartsuaren alde apustua egin du Arriaga antzokiak

Euskal antzerkigintzak emandako muntairik handienetarikoa izango ei da Bilboko Arriaga antzokian egun hauetan prestatzen ari den Bertolt Brecht-en ‘Ama Kuraia’. Lan talde indartsu bat, bertakoa, klasiko honen bi bertsio egiteko, gaztelaniaz eta euskaraz. 'Ama Kuraia' euskarara ekarriko den lehen aldia da, gainera. 

Lan talde handia bildu du Bilboko antzokiak. Estreinaldia, martxoaren 18an eta 25ean. Aritz LOIOLA / FOKU
Lan talde handia bildu du Bilboko antzokiak. Estreinaldia, martxoaren 18an eta 25ean. Aritz LOIOLA / FOKU

Arriaga antzokiko agertokia lepo zegoen eguerdian astearte honetan. 24 aulki eta beste horrenbeste partaide zenbatu ditugu, baina ez dira 'Ama Kuraia' honetan parte hartuko duten guztiak, zenbaki hori hirukoiztu egiten baita ekoizpen lanak, kantari etabarrean ari direnak gehitzean. Aurkezpen jendetsu honen arrazoia Calixto Bietok berak, Arriaga antzokiko zuzendariak alegia, eman du: antzoki publiko honen denboraldi honetako ekoizpen-lan garrantzitsuena izango da. 

Horregatik aurkeztu nahi izan dute hedabideen aurrean, entsegu garai intentsuaren tarte batean, hain zuzen. Lehenengo gaztelaniaz estreinatuko da, martxoaren 18an (22ra arte luzatuko da), eta egun batzuk beranduago, martxoaren 25ean, euskaraz (28ra arte antzeztuko da). Ama Kuraia pertsonaia mitikoa gorpuztuko dutenak Itziar Lazkano (gaztelaniaz) eta Ione Irazabal (euskaraz) izango dira, ibilbide luzea eta oparoa duten aktoreak. Gainerako antzezleak ere lehen mailakoak dira: Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga eta Mikel Martinez, izen batzuk ematearren.

Testua, gaurkotua

Maria Goiricelaya gaur egungo euskal eszenan indar handienetarikoa duen zuzendaria da. Eta berak moldatu eta zuzendu duen ‘Ama Kuraia’ honek osagai asko ditu. Denak «lehen mailakoak», Calixto Bieitoren esanetan; Brecht-en irakurketa bertako ikuspegitik egina dago, baita estetikan ere... eta, horrez gain, bertara ekarri da. Brecht-ek 30eko Gatazkan kokatu zuelako Anna Fierling eta bere seme-alaben historia; Goiricelayak, ordea, eguneratu egin du; «publiko gazteari gerturatu nahian, gune atenporal batean kokatu dut mundu distopiko hori». Euskal gatazkaren erreferentziak daude, noski, baina kokapenak ez du garrantzirik. Gerra gerra da, han eta hemen. «Beste alderdi batean sakondu nahi izan dut gainera, emakumeak eta gerren alboko kalteetan», zuzendariaren hitzetan.  

Bertolt Brecht-en ‘Ama Kuraia eta bere seme-alabak’ (‘Mutter Courage und ihre Kinder’) XX. mendeko antzerkigintzaren testurik adierazgarrietarikoa dela ez du inork zalantzan jartzen. Alemania nazitik 1933an alde egin zuenean, bost asteetako tarte batean Suedian idatzi zuen Brecht-ek AEB eta erbesterako bidea hartu aurretik. 1941an estrenatu zenetik, behin eta berriz taularatu da, mila ikuspegi, bertsio eta irakurketa baititu.

Ez du bere egunerokotasuna galtzen, gerraren miseriak azaleratzeaz gain, gizakion kontraesanak eta miseria propioak aurrez aurre jartzen dizkigulako, modu basati, gogor eta «sikuan», Maria Goiricelayak zuzendariak aurkezpenean aitortu duenez. Horrek ez du esan nahi antzezlana bera gogorra egin behar denik, norbaiti honek atzera ematen badio. Brechet-ek ikusleak bere eserlekuetan antzerkia modu aktiboan senti zezatela lortu nahi zuelako; ikusi eta hausnartu, taula gainean dagoenaren inguruan pentsaraztea baita egile handi honen xedea.