NAIZ

LABek biltzarren arteko konferentzia egingo du martxoan, borroka sindikal berriak sustatzeko

LABek biltzarren arteko batzarra egingo du martxoan Gasteizen, orain arteko balantzea egin eta aurrera begirako erronkak lantzeko. Borroka sindikal berriak irekitzea, sindikalismo feminista bateranzko trantsizioarekin jarraitzea eta ekosozialismoaren bidean urratsak ematea, erronka berrietako batzuk dira.

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko arduradunak, aurreko agerraldi batean.(jon URBE/FOKU)
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko arduradunak, aurreko agerraldi batean.(jon URBE/FOKU)

Martxoaren 26an biltzar arteko betarra ospatuko du LABek Gasteizen, azken biltzarretik hona sindikatuaren egoeraren balantzea egin eta erronka berriei aurre egiteko borroka sindikal berriak lantzeko, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak iragarri duenez.

Batzarrak sindikatuaren bederatzigarren biltzarreko 500 delegatuen parte hartzea izango du eta zazpi lan ardatz jorratuko dituela iragarri du. Ardatz horietako lehena borroka sindikal berrien irekiera izango da, eta honetan zerikusi handia du urtarrilaren 30eko grebak zabaldutako bideak.

«Garai berri honek behar duen sindikatu eraldatzailea izan behar genuela nabarmendu genuen biltzar nagusian; bada, bide onetik goazela ikusten dugu, LABen proiektuarekiko atxikimendua geroz eta zabalagoa da langileen artean», nabarmendu du Aranburuk.

Ofentsibarako bide berriak

Ofentsibara egindako greba orokor batek zabaldutako bidean, indartsu ikusten du LABek bere burura prekarietatearen aurka eta soldata eta bizi baldintza duinen aldeko borroka sindikal berriak irekitzeko.

Praktika feministan jarraitu eta sakontzea beste ardatz nagusietako bat izango da, eta horretan formakuntzan sakondu nahi du sindikatuak Formakuntza Eskola Feministaren bitartez.

Zaintza lanen aitorpen politiko eta sozialean, lan guztien banaketan edota soldata arrakalaren kontrako borroka ere aurrerago eraman nahi du LABek.

Era berean, larrialdi klimatikoaren errealitateak esku hartze sindikalean lekua izan behar duela uste du LABek eta arlo honetan lan talde bat osatu eta erabaki eta proposamen berrietan lanean ari direla adierazi du Aranburuk.

Proposamen sozioekonomikoa ere osatu eta aurkeztuko du LABek, eta atal honetan «zaintza lanen afera nola bideratu, sektore publikoaren paperak zein izan behar duen, zein garapen eredu defendatzen dugun, langileen behar duen estatutua edota pentsio eta gizarte segurantzako proposamena» bezalako gaiak landuko dituzte, besteak beste.

Lan osasunaren defentsa, burujabetzaren aldeko borroka edota klase subjektuaren berrosaketaren aldeko apustua martxoko batzarraren mahai gainean egongo diren beste gai batzuk dira aurreratutakoaren arabera.

Sindikatuaren osasun ona baieztatzen duten zifrak ere nabarmendu dituzte. Izan ere, 43,547 afilaturekin, %4ko igoera izan zuen iaz, eta nabarmendutakoaren arabera, afiliatu berrien %70 18 eta 30 urte arteko gazteak dira.