NAIZ

CIG, ELA, LAB eta CSCek Kongresuko alderdi politikoekin bilerak egin dituzte

Euskal Herria, Katalunia eta Galizako zenbait sindikatu ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUPekin bildu dira asteazken honetan eta Estatu espainolean «benetako agenda sozial eta demokratizatzailea» bultzatzeko aldarrikapena helarazi diete. Eskaera berberak helarazi dizkiote PSOEri arratsaldeko bileran.

Sindikatuak ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUPekin bildu dira. (@LABsindikatua)
Sindikatuak ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUPekin bildu dira. (@LABsindikatua)

Kongresu espainoleko asteazken honetan burutu dituzten bilerak Estaturik gabeko hiru nazioetako lau sindikatuek joan den otsailaren 5ean Bilbon egindako adierazpenarekin hasi zuten dinamika bateratuaren barruan kokatzen dira.

Bileretan parte hartu dute CIGek, ELAk, LABek, eta CSCk –Paulo Carril, Mitxel Lakuntza, Garbiñe Aranburu eta Carlos Sastre, hurrenez hurren, ordezkari zituztela–, ERC, JxCAT, EAJ, EH Bildu, BNG eta CUPekin. Arratsaldean, PSOE alderdiarekin bilduko dira.

Sindikatuek adierazi dute «gizarte-agenda bat bultzatu» behar dela, eta pentsio-erreformak eta lan-erreformak lehengoratu behar direla.

Aldi berean, «agenda demokratizatzaile zabal batean aurrera egiteko beharra» gogorarazi dute, berehala indargabetuz Mordaza Legea eta mugimendu sozial eta sindikala (greba) «kriminalizatzen duen Zigor Kodearen 315.3 artikulua».

«Gure nazioen eta lan-harremanen, pentsioen eta gizarte-babesaren ereduak erabakitzeko eskubidea» ere aipatu dute.

Lau sindikatuek bereziki azpimarratu dute premiazkoa dela «lan-erreformak indargabetzea, beren herrialdeetan lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortzeko, lan-harremanen estatalizazioari hegoak eman dizkioten eta prekarietatea eta soldata baxuak larriagotu dituzten negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetuz».

Era berean, gogorarazi diete alderdiei aldaketa horiek bultzatzeko Legebiltzarreko ordezkaritza berrian indar korrelazioa baliatzearen beharra eta garrantzia.