Ion SALGADO
GASTEIZ

Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko zuzendaritzak zortzi langile kaleratu dituela salatu dute

«Negoziazioa bertan behera utzi ondoren, enpresa-batzordearen azken proposamena baztertu ondoren, zuzendaritzak berriro hartu du kaleratzeak, inposizioak, jazarpena eta zigorraren bidea, 2016an utzi zuena, eta zortzi lankide kalean utzi ditu», ohartarazi du enpresa-batzordeak.

Langileek egindako elkarretaratzea. (ENPRESA-BATZORDEA)
Langileek egindako elkarretaratzea. (ENPRESA-BATZORDEA)

Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko zuzendaritzak zortzi langile kaleratu dituela salatu du enpresa-batzordeak. «Negoziazioa bertan behera utzi ondoren, enpresa-batzordearen azken proposamena baztertu ondoren, zuzendaritzak berriro hartu du kaleratzeak, inposizioak, jazarpena eta zigorraren bidea, 2016an utzi zuena, eta zortzi lankide kalean utzi ditu», adierazi dute langileek, kaleratuak berriro lanera itzultzea exijitu dutenek eta mobilizazio eta ekimen berriak iragarri dituztenek, «enplegua eta Gasteiz eta Urbinako lantegien etorkizunaren alde».

Ohar batean azaldu duenez, «urtarrilaren amaieran enpresak negoziazioak amaitutzat eman ondoren eta ziurgabetasunezko aste batzuen ondoren», enpresa-batzordeak «azken proposamen bat aurkeztu zuen neurri alternatiboak adosteko». Baina zuzendaritzak «negoziazioa bertan behera utzi zuen boluntario aurkeztu ziren bi lankideren lekualdatzea zergatik baztertu zuen justifikatu gahe; 58 urtetik gorakoentzako inolako proposamenik zergatik egin ez zuten argitu gabe, eta euren arabera zegoen gehiegizko eskulanari aurre egiteko kontratuak eteteko ze eragozpen legal zegoen aztertu gabe».

«Amore eman nahi izan ez zuten lantegientzako aldebakartasuna, inposizioa, kaleratzeak eta zigorrekin datoz berriro. Zortzi lankide kalean utziko dituzte, enplegu-erregulazioko espediente baten bidez kaleratze kolektibo bat egin nahi ez dutelako, epaitegietatik beste jipoi bat ez jasotzeko konfiantzan. Ez delako lehen aldia. Izan ere, langile hauek birritan izan dira kaleratuak honezkero, 2012 eta 2015ean», nabarmendu du batzordeak, eta kaleratu guztiak LAB eta ELA sindikatuetako afiliatuak direla ohartarazi du, «2012ko greba mugagabean parte hartu zuten eta egun egiten aritu garen lanuzte eta mobilizazioetan parte hartu dute».

«Hau gutxi balitz, 50 eta 55 urte artean dituzte eta batzuk epe luzeko baja medikuan daude, eta honek, zailago egiten du lan-merkatuan berriro sartzea. Horregatik, ezin dugu beste ondoriorik atera: enpresa berriro itzuli da jazarpena, diskriminazioa eta zigorraren bidera», gaineratu du, eta «2012an, gatazka hasi zenean, 356 langile ginela eta gaur egun 95 soilik geratzen garela» gogoratu dute. «Horregatik, gaur eta orain adierazi nahi dugu alarma egoeran gaudela».

Langileek Oohartarazi dutenez, «lan-talde txikiegiarekin, politika erasokorra duen zuzendaritzarekin, lantegi hauentzako edozein alternatiba produktibo ukatzen duen taldearekin, Laminaciones Arregui ixteko arriskuan dago epe ertainean. Ez da soilik zortzi langile kaleratu dituztela. Kontua da ez dutela etorkizuneko proiekturik lantegi hauentzat, ez bideragarritasun planik, ez inbertsiorik, ez produkzioaren dibertsifikaziorik…».

Eta langileak ez daudela «amore emateko prest» iragarri dute. «Kaleratze hauen guztiz kontra gaude, eta bitarteko guztiekin, juridikoak barne, borrokan egiteko prest gure lankideak berronar ditzaten. Honela, Enpresa-Batzordeak lanuzte eta mobilizazio berriak planteatzen ditu datorren astetik aurrera. Gainera, martxoaren 3ko mobilizazioetan parte hartuko dugu, gure hiriko borroken data garrantzitsuan, gure aldarrikapenen berri emateko». «Gainera, datorren asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bilera egingo dugu, enpresak eraman nahi gaituen enplegu suntsiketa eta industria-eraispena eragozteko bere inplikazioa eskatzeko. Helburu berdinarekin beste instituzio eta alderdi politikoetara ere joko dugu», dio batzordeak.