NAIZ
BILBO

‘Mi último baile’ antzerki feministarekin itzuli da oholtzara Pabellon 6ko Gazte Konpainia

Erdi errealitate erdi fikzio, euren bizitzei gogor heltzea erabakiko duten lau ahizpen istorioa kontatzen du ‘Mi último baile’ antzerkiak. Getari Etxegaraik zuzendua, izaera feminista eta aldarrikatzailea du obrak; Las Mariposas izeneko emakume taldeari omenaldia da.

‘Mi último baile’ lanak izaera feminista eta erreibindikatzailea du. (Pabellon 6)
‘Mi último baile’ lanak izaera feminista eta erreibindikatzailea du. (Pabellon 6)

Pabellon 6ko Gazte Konpainia Arriaga Antzokira itzuliko da, oraingo honetan Getari Etxegaraik zuzendutako proposamenarekin. Konpainiak berak, Patxo Telleriaren eta David Caiñaren aholkularitzarekin, sortu duen ‘Mi último baile’ taularatuko dute, izaera feminista eta aldarrikatzaile nabarmena duen antzezlana.

Diktaduraren ondorioak zuzenean jasan ondoren, euren bizitzei gogor heltzea eta herrialde oso baten oinarriak dar-dar jartzea erabakiko duten lau ahizpen istorioa da honakoa. Erdi errealitate, erdi fikzio, obra, emakumeen eta herriaren eskubideak defendatuz hil arte borrokatu ziren eta, horrela, martir eta heroi bilakatu ziren Las Mariposas izenekoei egindako omenaldia da. Euren ohoretan, azaroaren 25 bakoitzean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, beraien hilketaren urteurrena gogoratzen da. «Hau zuengandik doa, ahizpak. Askatasuna edo hil!», aldarrikatzen da

‘Mi último baile’ lanean arituko dira antzezle lanetan Sara Barroeta, Graciela Dóniz, Unai Elizalde, Tania Fornieles, Kepa García, Nahikari Rodríguez, Pelayo Serrano, Sandra Tejero eta Yeray Vázquez. Antzezlana Getari Etxegaraik zuzentzen du, Diego Pérezen laguntzarekin, eta partaidetzan oinarritutako lanaren bitartez sortu zen, konpainia osoaren ekarpenekin. Pabellon 6 konpainiak berak kontatu duenez, prozesuan Jule Goikoetxea soziologoa eta politologoaren laguntza izan dute. Elkarrekin landu zituzten emakumearen esparru ezberdinak (profesional, bikote eta ama gisa), emakumearen eskubideak eta egungo eta iraganeko gizartean emakumeak betetzen duen lekua.

Alderdi musikalari dagokionez, konpainiak Adrian Garcia de los Ojos musikariaren eta konposatzailearen kolaborazioa izan du. Antzezlea ere bada, eta horrek «ikuspegi orokor interesgarria» eman dio obrari «antzezlan batek musikaren aldetik behar duena ulertzeko orduan», adierazi du konpainiak.

Antzezlana datorren martxoaren 3an eta 4an ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek, 19:30etik aurrera.