NAIZ

Moldeak hautsi zituzten emakumeak, Loraldiaren «Hariak» ikuskizunaren protagonistak

Yoseba Peñaren ‘Hariak’ nobelatik abiatuta sortutako ikuskizuna aurkeztu du Loraldia Festibalak. Emakumeen memoria zein isiltasuna dira bere osagarri nagusiak eta Rafa Rueda, Iraia Elias, Nahikari Gabilondo eta Peñaren arteko elkarlanarekin gauzatu ahal izan da. Hitzordua, martxoaren 14an Bilboko Itsasmuseumean.

Amaia Ocerin, Loraldiaren ordezkaria; Yoseba Peña idazlea eta Rafa Rueda gaurko aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ I FOKU)
Amaia Ocerin, Loraldiaren ordezkaria; Yoseba Peña idazlea eta Rafa Rueda gaurko aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ I FOKU)

Askapen pertsonala igo beharreko eskailera bat dela imajinatu ezazue. ‘Hariak’ igoera horretan zenbait eskailera-maila deskribatzen ditu; garai bateko euskal emakumeek zer pentsatzen zuten, zer sentitzen zuten edota zer egiten zuten. Kartzela da gizartea, eta hainbat emakumek handik ihes egiteko ahalegina egin zuten.

Ahalegin horiek kontatu eta musikatu dituzte Loraldiaren barnean estreinatuko den ikuskizun honetan. Horretarako, poesia, prosa, musika eta bertsoa uztartuko dituzte protagonistek, Yoseba Peñaren nobela inspirazio-iturri hartuta. Lau emakumeren bizitza-pasarteak hartuko dituzte kontagai. Izan ere, azken laurogei urteetan, garaiko moldeak puskatu eta gainditu zituzten hainbat emakumeren bizitzek eta haien porrotak, denboraren poderioz, garaipen bihurtu dira.

Musikari dagokionez, hainbat kanta berri konposatu ditu Rafa Ruedak. Horrez gain, Oskorriren ‘Adela’ abestia ere interpretatuko du. Iraia Eliasek egingo du hainbat testuren irakurketa dramatizatua, eta Nahikari Gabilondo arituko da bertsotan. Azkenik, honako idazleen poesiak erabiliko dituzte: Audre Lorde, Inge Müller, Gabriel Aresti eta Amaia Lasa.

Jaialdirako prestatu duten ikuskizunean, gainera, Maria Teresa Verdes bilbotarraren figura ekarriko dute gogora, Emakume Abertzale Batzan parte hartu zuen militantea. Alava Sarearen baitan oinarrizko rola bete zuen, Euskadiko presoei babesa emateko eta orduan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren artean informazioa transmititzeko.