NAIZ

Feminismoak hiri eta herriak betetzerainoko indarra duela erakutsi du beste behin

Eguerditik hasita borroka eguna izan da gaur euskal hiriburuetan. Iruñean eguerdian kontzentrazioa egin dute Gaztelu Plazan. Donostian ere mobilizazioa egin dute Bulebarrean zutabeak bildu direlarik, eta giza-katea egin dute Gasteizen. Bilbon jendetza elkartu da. Hainbat herritan ere egin dira manifestazioak.

Iruñeko Gaztelu plazako kontzentrazioan harturiko irudia. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Iruñeko Gaztelu plazako kontzentrazioan harturiko irudia. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Manifestazio nagusiak arratsalderako deituta badira ere eguerdian ere Martxoaren 8arekin lotutako mobilizazioak izan dira.

Iruñean, adibidez, Gaztelu plazan kontzentrazioa egin dute eta Donostian ere Bulebarrean bildu dira zutabe desberdinak. Gipuzkoako hiriburuan harrera beroa egin diete euren eskubideen alde borrokan ari diren erresidentzietako langileei. Emakumeen Etxean itxialdia egin dute eta mobilizaziorako atera dira. ELA sindikatuak iragarri duenez, apirilaren 8a arte jarraituko dute grebarekin. Arratsaldeko manifestazioan ere, haiek izan dira protagonista, pentsiodunekin, garbitzaileekin eta beste hainbat kolektibo prekarizatuekin batera. Maddi Txintxurreta gure kazetariaren kronikak jasotzen du hori dena.

Gasteizen, mila emakume baino gehiagok parte hartu dute Andra Mari Zuriaren plazatik Jesus Maria Leizaola kalera egindako emakume-katean. Bide horretan, pankarta desberdinak jarri dituzte: Zaldibarreko zabortegiaren kudeaketari kritika EAJko egoitzan, indarkeria matxistaren aurkako aldarria udaletxean, «faxismoa» gaitzesten duen pankarta PPren egoitzan, eta Gobernu espainiarraren ordezkariordetzan errefuxiatuen krisia kritikatzen den beste kartel bat.

Salatu dute «sistema heteropatriarkal eta kapitalistak» eragiten dituela «dauden diskriminazio guztiak», eta opresioak «hiltzeraino» iristen direla, soilik «emakumeak izateagatik».

Bilbon ere mobilizazioa egin dute, eta Amaia Ereñaga kazetariak jaso du kronika batean.

Iruñean, «El violador eres tú» dantza egin dute epaitegien aurrean justizia matxista salatzeko, Tuteran bezala. Gaztelu plazako ekitaldia hasi baino lehen mugimendu feministaren eledun Alba Pintok komunikabideei adierazi dionez, «antolakuntza eta militantzia feministara salto egiteko garaia heldu dela uste dugu». «Borroka hau ez da egun bakarreko zerbait, urte osoan zehar gara feministak», nabarmendu du. Horregatik, ikastetxeetan, lantokietan eta esparru guztietan feminismoaz, antolakuntzaz eta borroka politikoaz egunero kaleak betetzeko deia egin du.

Politikoki antolatzearen garrantzia» azpimarratu dute, aldarrikapenak kalera eramatekoa; izan ere, «kontzientzia feminista eta mobilizatzeko gaitasuna asko handitu dira» azken bi grebetan eta orain antolakuntza feminista indartu nahi dute.

Baionan ere izan dira ekitaldiak. Ipar Euskal Herria feminismotik saretzeko mezua hedatu zuten.

Baina hiruburuetatik kanpo ere kaleak hartu dituzte emakumeek. Besteak beste: Barañainen (non 300 lagun elkartu diren Udaletxe Plazan), Tuteran (1.500), Pasai Antxon, Bergaran, Zumaian, Hendaia/Irun/Hondarribian, Altsasun, Lizarran edota Atarrabia-Burlatan.