Maider IANTZI

Aditu hizketa-ezagutzaile elebiduna aurkeztu du Elhuyarrek

Audio eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko plataforma bat da Aditu, Elhuyarrek sortua. Zer berri dakar? Euskara ezagutzen du (baita gaztelania ere), datuen konfidentzialtasuna bermatzen du, eta erabiltzailearen beharretara egokitu daiteke.

Jon Abril eta Igor Leturia, Aditu plataforma berria aurkezten. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Jon Abril eta Igor Leturia, Aditu plataforma berria aurkezten. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Elhuyarrek audio eta bideoak automatikoki transkribatzeko eta azpititulatzeko lehen euskal plataforma sortu du, adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarrituta. Aurrez grabatutako fitxategiekin nahiz zuzenekoekin funtzionatzen du eta dagoeneko proba daiteke aditu.eus webgunean. Lehenengo bost minutuetan doan erabil daiteke eta hortik aitzinera tarifa ezberdinak daude, norbanako eta enpresei egokituak.

Ostegun honetan, Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian aurkeztu dute Aditu, jendarteko eragile eta kazetarien aurrean, Jon Abril Elhuyarreko zuzendari nagusiak eta Igor Leturia hizketa-teknologien eta proiektuaren arduradunak. «Aditu» aditzak bi adiera ditu, «entzun» eta «ulertu», eta biak egiten ditu plataforma berriak. Aditu subjektuak «jakintsu» erran nahi du eta hori ere bada sistema hau, adimenduna.

Abrilek adierazi duenez, itzultzailea.eus tresna mugarri izan den bezala, aditu.eus ere hala izatea nahi dute. «Hizkuntza gutxitu aunitz esparru digitaletik kanpo gelditzen ari dira eta desagertzeko arriskua dakar horrek. Horien aldean euskararen egoera hobea da, baina ez dago arriskutik kanpo. Hizkuntzen %5 dago inguru digitalean, tartean euskara. Bertan presentzia indartsua izatea ezinbestekoa da», erran du.

Euskaldunok «gure teknologia propioa garatzea eta burujabetza teknologikoan sakontzea» ere beharrezko ikusten du. Hortaz, hizkuntza-teknologietan eta adimen artifizialean ikerketa eta garapena egiteko plan anbiziotsu bat martxan jartzeko eskatu die erakundeei, Adituren gisako tresnak garatzen segitu ahal izateko, «horrek ekarriko baitizkio aukerak euskarari».

Nola funtzionatzen du?

Leturiak plataformaren xehetasunak eman ditu. Aditu elebiduna da: euskarazko nahiz gaztelaniazko transkripzioak eta azpitituluak sortzen ditu, aurrez grabatutako fitxategietatik zein zuzenekoetatik. Audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak prozesatzeko gai da. Gainera, mikrofonotik solas egin eta aldibereko transkripzioak egiteko aukera ematen du.

Adituk makina bat entrenamendu egin ditu plazaratu aitzinetik eta badakite asmatze tasa hainbat faktoreren araberakoa dela: audio kalitatea, hizkera mota, erregistroa, bolumena, abiadura... «Baldintzarik onenetan oso emaitza onak ematen ditu, baina baldintzen arabera asko jaitsi daiteke asmatze tasa».

Horregatik, transkripzio eta azpitituluak editatzeko aukera ematen du, akatsak erraz eta modu eroso batean zuzentzeko.

Aplikazio-eremuak

Proiektuaren arduradunak azaldu duenez, Aditu benetan baliagarria izan daitekeela uste dute, bereziki honako lau eremuetan: ikus-entzunezkoak eta hedabideak, dokumental eta saioen azpitituluak, elkarrizketen transkripzioak... egiteko; administrazio publikoa, udalbatzar edo bestelako bileren aktak jasotzeko; pertsonen eta makinen arteko elkarrekintza: domotika, laguntzaile birtualak, dei zentroak...; eta irisgarritasuna, pertsona gorrentzako azpitituluak egiteko edota ordenagailuz idazteko zailtasunak dituenaren ahozko testuak idatzira ekartzeko.

Aditu.eus webgunean proba daiteke, aurreneko 5 minutuetan dohainik eta gero tarifa ezberdinekin.

Abrilek agertu duenez, «hau hasiera bertzerik ez da» eta hobetzen segitzea dute hurrengo erronka, adibidez, momentuz euskara batua irakatsi diote Adituri baina etorkizunean euskalkietan ere moldatzea nahiko lukete.

Bertze zerbitzu batzuekin konbinatuz, itzulpen automatikoarekin erraterako, «aukerak biderkatu» egiten direla ere nabarmendu du. Hala, etorkizuna «ilusioz» ikusten du Elhuyarrek, eta euskara, «bertze hizkuntzekin lehiatzeko moduan».