NAIZ

Apirilaren 26an ospatu behar zen Nafarroaren Eguna, bertan behera

Basaizea Kultur Batasunak 1979tik Nafarroaren Egunarekin bukatzen zen Kulturaldia antolatu izan du Baigorrin, baina aurtengo edizioa bertan behera utzi behar izan du koronabirusa dela eta. Aurreikusitako datetan izanen ez bada ere, programa kulturaleko hitzordu batzuk atzeratu ahal izatea espero du elkarteak.

Nafarroaren Egunak festa egiteko parada eman ohi du. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Nafarroaren Egunak festa egiteko parada eman ohi du. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bizi dugun pandemiaren ondorioz, kultura arloko beste ekimen ia guztiak bezala, martxoaren bukaeratik apirilaren bukaerara aurrikusita zeukan programazioa bertan behera uztea deliberatu du Basaitzea Kultur Batasunak. Martxoaren 29tik apirilaren 25era ospatu behar zen Kulturaldiaren 41. edizioa eta apirilaren 26an egin behar zen Nafarroaren Eguna, ez dira eginen. Hala ere, «programatuak ziren zazpi ekitaldietatik batzuk beste noizbait proposatzea espero dugu» baieztatu dute elkartetik.

Hilabete osoko kultur hitzorduari amaiera eman ohi dion Nafarroaren Eguna da Basaizeak antolatzen dituen ekitaldi ezagunena. Baigorriko karriketan, Euskal Herri osotik heldutako euskaltzaleak bildu ohi dira urtero, baina aurten Nafarroa Behereko karrikak hutsik izanen dira.

Kulturaldia

Antolatuak ziren zazpi hitzorduetatik batzuk, beste dataren batean eskaini nahi ditu elkarteak. Martxoaren 29an Xake Produkzioen haurrentzako ‘Lur’ ikuskizuna, eta Axut!, Artedrama eta Dejabu konpainien ‘Zaldi Urdina’ antzezlana zeuden aurreikusita.

Apirilaren 9an ‘Anti’ filma eman behar zuten Josu Marinez zuzendariaren parte hartzearekin. 11an Ruper Ordorikaren kontzertua zegoen programatuta. Elkarteen dinamikei buruzko mahai-ingurua eta Uztaritzeko txistularien kontzertua zegoen antolatuta 16an. Eta zine-kontzertua egin behar zen 25ean, Charles Chaplinen ‘The Gold Rush’ filma eskainiz Xare laborategiko Orkestraren laguntzarekin.