NAIZ

Maskarak josten ari dira, elkartasun praktikoa azalduz, Euskal Herrian ere

Zenbait pertsona zeregin solidario batean ari dira Europa osoan, bai konfinamenduari baita osasun-baliabideen urritasunari aurre egiteko: maskarak josteari ekin diote. Batik bat sare sozialek bultzatutako herritarren ekimen hau Euskal Herrira ere iritsi da.

Una mujer con mascarilla, en Gasteiz. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Una mujer con mascarilla, en Gasteiz. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Koronabirusaren krisiari aurre egiteko osasun-langileek egiten duten lanak arratsaldero, 20:00etan, Euskal Herriko bizilagunak balkoietara ateratzen ditu profesional horien txalotzera. Baina txaloak ez direla nahiko eta berebiziko garrantzia duela birus hontaz babesteko baliabideak izateak –maskarak, esaterako– barneratzen ari da. Eta lagun asko, gainera, hitzetatik ekintzetara igaro da.

Euskadiko Maker Komunitatea Koronabirusaren Aurka, edo @CovidEuskadi taldea bere Twitter kontuan, herritarren ekimenaz, ari dira ahaleginean. 3Dko inprimaketaren bidez, maskarak edo bestelako babes-materialak egiten ditu, hala nola arnasgailuak edo bisera babesleak, eta EAEko hainbat osasun-zentrotara bidaltzen ditu. DYA Bizkaia, DYA Araba eta DYA Gipuzkoak hainbat maskara-pakete jaso dituzte dagoeneko, eta Hirikilabs laborategi teknologikoak (Covid Euskadirekin elkarlanean ari da) dioenez, gaur asteartean 2.000 babes-pantaila baino gehiago banatuko dizkiete larrialdietako langileei.

Covid Euskadi Getxoko lagun talde batek sortutako komunitatea da, eta ‘makers’ edo boluntarioak biderkatu ditu sare sozialen laguntzarekin.

Maulen ere, Cangrand familiak alpargaten ekoizpena utzi eta maskarak egiteari ekin dio. Behar den guztia daukate: ehuna, elastikoak eta makinak.

Bestalde, Gero Axular euskal kultura eta folklore taldeak "Higa" ikuskizun berriko jantzien ekoizpena gelditu du maskarak sortzeko. Maskarak Donostiako Groseko anbulatoriora eraman dituzte. Maskarak egiteko bere dantza-ikuskizunetako jantziak egiteko erabiltzen duen materiala baliatu du, eta taldeko hainbat lagunen laguntza izan du.

Badira, halaber, zenbait herritar, norberak erabiltzeko edo senitartekoen eta lagunen artean banatzeko maskarak egiten dituztenak. Konfinamendu-garaian birala bihurtu den zeregina honakoa.

Maskarak ehuntzen Europan

Europatik datorren ekimena da, izan ere, pertsona asko maskarak josten hasi dira, hauen urritasuna konpontzeko. Maskarak Munduko Osasun Erakundeak (OME) gomendatzen ditu gainera, birusa gehiago hedatu ez dadin.

Ekintza altruista horren adibide ugari daude Europan. Facebookeko ‘Txekiak maskarak josten ditu’ taldea birala bihurtu da, eta 33.000 lagun baino gehiago ziren joan den astean.

Duela astebete eskas, Nanospace Txekiar Errepublikako enpresa txikiak oheko arropa egiten zuen Piseken, Pragatik 100 km-ra, nanomintzetan. Ehun horrek nanozuntz-geruza mehea zuen, akaroen alergiatik babesteko. Baina koronabirus berria Europan hondamena eragiten hasi zenetik, Nanospaceko lantegiak 10.000 maskara ekoizten hasi ziren egunean, Txekiar Errepublikako hegoaldeko bi ospitaletarako. Enpresa honetako salmenta-zuzendariak dio boluntario asko direla etxean maskarak josten dituztenak.

Txekiar Errepublikan, maskara jantzita soilik atera ahal dira kalera.

Halaber, Polonian dauden errefuxiatu txetxenoek eta Emakume Nomaden Fundazioko beste boluntario batzuek ere atera dituzte josteko makinak, eta eginahal horretan ari dira.

Enpresa batzuek beren ekimenez erabaki dute beraien ekoizpena babeserako baliabide hauek egitera bideratzea. Italian, Miroglio arropa-fabrikatzailea emakumezkoen modatik maskaretara pasatu zen. Denbora gutxian, eguneko 75.000 ale ekoiztea lortu zuen, eta 100.000 unitatera iritsi nahi du, ‘La Stampa’ egunkariaren arabera.

Andaluziako Diseños NT poltsa-enpresak egun bakoitzeko 70-80.000 maskara ekoizten ditu, eta AFPk jasotako adierazpenen arabera, «eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan» lan egiten du.