NAIZ

Herreran diren euskal presoak, kezkatuta bertako koronabirus kasuak direla eta

Herrera de la Manchako kartzelan ari zen guardia zibil bat hil berri da, koronabirusak jota, eta funtzionario batzuk kutsatu egin dira. Bertako euskal presoek kezka agertu dute, funtzionario horiek beren moduluan eta inolako babesik gabe ibili zirela ohartarazita.

Eraikuntzako langile bat, maskaraz babestuta Martuteneko espetxearen ondoan. (Jon URBE/FOKU)
Eraikuntzako langile bat, maskaraz babestuta Martuteneko espetxearen ondoan. (Jon URBE/FOKU)

Oso nahasia ari da izaten euskal presoen egoera, koronabirusaren ondorioak direla eta. Babesgabe sentitzen dira adibidez Sevillan, hiru sendagileetatik bakarra baino ez baita lanean, arreta eskasa eskaintzen beraz. Baina azken orduetan bereziki kezkagarria bilakatu da Herrera de la Manchakoa, NAIZek jakin ahal izan duenez.

Bertan jarduten zen guardia zibil bat hil berri da, 38 urtekoa, eta familia salaketa aurkezteko asmotan dela zabaldu da, birusaren aurkako babes neurririk gabe aritzen zelako. Kutsatzeko arriskuaren jakitun dira euskal presoak. Bere moduluan aurreko astean egon ziren bi funtzionario ere gaixotu egin direla badakite eta, ondorioz, birusa espetxearen barruan zabaltzea «denbora kontua» baino ez dela jakinarazi diete beren abokatuei.

Sei euskal preso daude une honetan Ciudad Realeko kartzela horretan.

Bestalde, gaixotasunak azkar egiten duela aurrera ikusita, ulertezintzat jotzen dute beste espetxe batzuetan (Logroñon, esaterako) orain arte espetxezainak maskararik gabe ibili izana, eta hasiera batean eskularrurik gabe ere bai.

Bestalde, bisean bisekoak bertan behera utzi ondoren telefono dei gehiago izango zirela iragarri bazen ere, ez da kartzela guztietan gertatzen ari. Valentziako Picassent-en diren bikoteek ezin dute elkarrekin hitz egin, moduluen arteko deiak kendu egin dituztelako. Eta Kantabriako El Dueson telefonorik gabe daude, komunikazioa behar larria den egun hauetan, apurtu omen delako. Adibide batzuk baino ez dira.