Haritz Larrañaga

Alsaziatik ekarritako lehen sei gaixoak Baionako ospitalean dira

Koronabirus kasu gehien dituzten ospitaleetako egoera arintzeko Frantziako Gobernuak ezarri duen plana martxan da... eta Euskal Herriari eragiten dio. Baionako ospitalean dira jada TGV medikalizatuan garraiatu dituzten lehen sei gaixoak. Bertako ospitale publikoek zein pribatuek bat egin dute egoera larrian diren 39 gaixo hartzeko.

Alsaziatik honelako TGV berezi batean heldu dira gaixorik diren pertsonak. (J. GOILLARD | AFP)
Alsaziatik honelako TGV berezi batean heldu dira gaixorik diren pertsonak. (J. GOILLARD | AFP)

Baionako ospitale publikoa eta Belharra ospitale pribatua prest dira Estatu frantseseko eskualde desberdinetatik ekar ditzaketen gaixoak hartzeko. Aldi berean, Ipar Euskal Herrian koronabirusarekin kutsatzen diren gaixoak artatzen jarraitu behar dute, baina arlo batek bestean eragin gabe lanean jarraitzeko gaitasuna dutela iragarri dute Baionako ospitaleko arduradunek.

Egoera berriari ahalik eta hobekien erantzuteko bitarteko guztiak erabiltzen ari dira, eta horregatik, eremu publikoko zein pribatuko ospitaleak esku-esku elkar lanean ari dira. Gauzak honela, gaixorik diren Alsaziako sei lagun hauez gain, beste eskualdeetatik ekar ditzaketen 27 hartzeko prest da Baionako ospitalea.

Horrez gain, Belharra ospitale pribatuak beste sei ohe prestatu ditu larrialdi egoeran diren beste eskualdeetako gaixoak zaintzeko. Esan bezala, plan hau ekimen gehigarri bat da, ez du ohiko antolakuntza eta eskaintzan eragiten.

«Plan zuria» lehen mailan

Suspertze zerbitzu gehigarria martxan jartzearekin batera «plan zuriko lehen maila» deitu dutena aktibatu dute Baionako ospitalean. Eguneroko jardueran eragin gabe, salbuespenezko egoerei erantzuten die «plan zuria» delakoak.

Besteak beste, edozein unetan sor daitezkeen larrialdi egoerei erantzuteko bitartekoak eskaintzen ditu planak, hala nola, mediku espezializatuak edozein momentutan mugitu ahal izatea, beharrezko materiala eskuragarri izatea, eta abar.

Gaixo gehiago ekartzeko aukera

Datorren astean gaixo gehiago ekarriko dituzten ez dakite oraindik Baionako ospitalean, baina badazpada ere neurriak hartzen dira. «Oraingoz ez digute deus esan, baina hurrengo astean jakin araziko digute Baionara gaixo gehiago ekarriko dituzten ala ez», argitu dio NAIZi Baionako ospitalean lan egiten duen Kristian Schlecht erizainak.

Interbentzio gehienak bertan behera utzi dituztenez, «oraindik leku dexente libre daude», azaldu du Schlechtek, baina hala ere, «Zainketa Intentsioboetako unitate gehiago izateko prestatzen ari dira, horretarako bitartekoak dituzten gelak egokituz».

Bestalde, kontrako zentzuan, Paris inguruko ospitaletan laguntzera joango diren erizainak ere prest dira Hendaiako Marin ospitalean. Paris mendebaldean dagoen Hauts-de-Seine departameduko ospitale nagusiak martxoaren 29an gainezka egingo duela aurre ikusten dute, eta laguntza eskatu dute.

Hendaiatik joango diren bi erizain eta osasunaren gerente batek, besteak beste, haizagailuekin duten esperientzia helaraziko diete lekuko erizain berriei.

Akitania Berriko eskualdean

Covid-19 birusaren izurriteak gehien zigortu zituen eskualdeetako ospitaleak arintzeko Estatu frantsesak hartu dituen neurriak direla eta, Akitania Berria eskualdeko ospitale desberdinetara 48 gaixo eramango dituztela jakinarazi du Gobernuak, baina zifra hau etengabe aldatzen joango da kasu berriak agertu ahala.

Estatu frantsesean koronabirusak kutsatu gutxien dituen eskualdeetako bat da Akitania Berria, horregatik jasoko dituzte La Rochelle, Pau eta Baionako ospitaleek beste eskualdeetatik ekarritako gaixoak. Horrela, gaixo horiek garraiatuak diren bitartean beharrezko sorospen zerbitzuak jaso ahal izateko bi TGV berezi egokitu dituzte.

Guztira zainketa intentsiboetako unitateen beharrak asetzen dituzten 1.640 plaza daude Akitania Berriko eskualdean, eta horietatik 569 plaza libre aurkitzen dira gaur egun, beraz gaixo gehiago hartzeko gaitasuna bada oraindik, nahiz eta izurritearen puntu gorena oraindik iristear den.

Puntu gorena iristear

Martxoaren 17an Estatu frantsesean indarrean ezarri zen konfinamendua martxoaren 31ean amaitzekoa zen hasiera batean, baina Edouard Philippe lehen ministroak itxialdia apirilaren 15era luzatzeko erabakiaren berri eman zuen martxoaren 27an. 

Lehen ministroak ordura arte Estatu frantsesean koronabirusaren ondorioz 1.995 pertsona hil zirela eta 32.964 kutsatze kasu zenbatu zituztela adierazi zuen, eta honakoa gaineratu zuen: «Epidemia ez da oraindik puntu gorenera iritsi».

Koronabirusaren izurriteak kaltetu gehien noiz eragingo dituen esateko orduan iritzi desberdinak daude. Frantziako Gobernuko ordezkarien esanetan, «datorren asteko azken egunetan hartuko du olatuak puntu gorena», hau da, apirilaren bosta baino lehen.

Osasungintzako beste aditu batzuen ustez, ordea, koronabirusaren izurritea apirilaren 5 eta 15a bitartean iritsiko da bere puntu gorenera Estatu frantsesean.