Arbilla: «Danok nahi dugu Liga amaitzea baina lehentasuna egoera hobetzea izan behar da»

Anaitz Arbilla Eibarko futbolariak ez du egokia ikusten falta diren jardunaldiak ez ateak itxita ez eta partidak aste gutxitan pilatuz ere jokatzea.

Amaia U. Lasagabaster|2020/03/28
Arbillaetxean
Anaitz Arbillak prentsaurreko birtuala eskeini du bere etxetik. (Naiz)

Egoera orokorra zaila da eta, futbolaren beharren gainetik, hori konpontzea da lehentasuna. Horrela laburbildu daiteke Anaitz Arbillak bere etxetik emandako «prentsaurrekoan» esandakoa.

Eibarko futbolariak, «jokalari danok lehiatu eta denboraldia amaitu» nahi dutela onartu du. «Baina argi daukagu ere zer den garrantzitsuena. Oso jarrera egoista iruditzen zait une honetan Ligaren amaieran pentsatzen egotea. Pertsona askok arazo handiak dauzka, jende asko gaizki pasatzen ari da, oso etorkizun zaila duten beharginak daude…», gogorarazi du.

Gainera, atzelari nafarrak ez ditu gustoko Lehen Maila amaitzeko falta diren hamaika jardunaldiak jokatzeko mahaigaineratu diren aukerak. Ez ateak itxita jokatzea, ez eta hainbeste partida aste gutxitan pilatzea ere. «Ateak itxita jokatzea ez dut ikusten. Denontzat kaltegarria dela uste dut; klubarentzat, jokalariontzat, zaletuentzat eta, orokorrea, futbolarentzat. Futbolak zalegoa behar du. Zaletuak dira pasioa biziarazten eta sentiarazten gaituztenak», adierazi du, «guretzat Ipuruan zaletuen bultzada oinarrizkoa» dela azpimarratuz.

Partidak 48/72 orduro jokatzeari dagokionez, Arbilla aurka agertu da ere. «Oso zaila da. Ez gaude astean 2-3 partida jokatzeko prest, aurretik denbora luzean, seguruenik bi hilabete inguru, lehiatu barik egon ondoren. Aurredenboraldiak denboraldi luze bati ekiteko egiten dira –gogorarazi du– eta sei edo zazpi aste behar izaten dugu fisikoki prest egoteko. Orain, bi hilabete inguru ematen badugu lehiatu barik eta baldintza egokietan entrenatu barik, aurredenboraldi bat beharko genuke denboraldi amaierari ekiteko». Eta, hala ere, horrelako egutegi hestua arriskutsua izango litzateke. «Kaltegarria izango litzateke taldeentzat eta, batez ere, jokalariontzat, lesio-arriskuarengatik».

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.