Haritz Larrañaga

Baxoa azterketa ekainean egingo dela berretsi du Hezkuntza ministroak

Oraindik ez dago argi nola, baina baxoa azterketa egingo dela iragarri du Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak. Datorren astean zehaztuko du Frantziako Ministerioak goi mailako ikasketak egiteko ezinbestean gainditu behar den proba nola gauzatuko den.

Jean-Michel Blanquer, protesta artean Paueko azoka estreinatu zuten egunean. Bob EDME
Jean-Michel Blanquer, protesta artean Paueko azoka estreinatu zuten egunean. Bob EDME

Ipar Euskal Herriko ikasleek urtero ekainean egiten dituzten brebeta eta baxoa azterketak nola egin aztertzen ari da Frantziako Gobernua. Momentuz, azterketak egiteko asmoa azaldu du Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak eta azken erabakia datorren astean iragarriko duela ziurtatu du. «Baxoa egiteko konpromisoa dut, kontua da nola egin, eta azken erabakia datorren astean emango du», jakinarazi duBlanquerek.

Ostiral gauean TF1 telebista katean aditzera eman duenez, irakasle eta guraso sindikatuekin bilerak egiten ari da Hezkuntza Ministerioa, eta baxoa azterketa egiteko aukera desberdinak aztertzen ari dira. «Guraso eta irakasleen proposamenak entzun ditut eta bi aukera ditugu mahai gainean, baxoa ohiko moduan egin edo monitorizatutako azterketa egin», azaldu du Blanquer ministroak kameren aurrean.

Monitorizatutako azterketa hautatzen bada, bigarren mailako ikasleen ikasketak luzatu egingo dira ekainean zehar, eta hori ministroaren iritziz abantaila bat da, «konfinamenduaren ondorioz duten atzerapena eguneratzen lagunduko baitu». Hala ere, ikasleen oporren hasiera data aldatzeko asmorik ez dutela nabarmendu du Blanquerek.

Baxoaren garrantzia

Kolegioan diren ikasleek egiten duten brebeta azterketak ez du berebiziko garrantzia, izan ere azterketa hori ez gainditzeak ez du baldintzatzen ikasketekin jarraitu ahal izatea.

Ordea, lizeoan diren ikasleek goi mailako ikasketei ekin aitzin egin behar duten baxoak garrantzia handia du, azterketa horretan ateratako emaitzak etorkizuneko ikasketak egiteko aukerak baldintzatzen baititu. Hau da, derrigorrezkoa da baxoa gainditzea goi mailako ikasketak egiteko, eta, eskuratutako emaitzaren arabera hautatu ahal izango ditu ikasleak etorkizunean zein ikasketa egingo dituen.

Seaskako ikasleek azterketa hauek euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dute, izan ere ikasgai bat edo beste euskaraz egin dezaketen arren, orokorrean frantsesez egin behar dituzte azterketak, eta gainera haien azterketak Euskal Herritik kanpo eramaten dituzte zuzentzera, horregatik urtero protestak egiten dituzte ikasle eta gurasoek azterketak euskaraz egiteko eskubidea dutela aldarrikatzeko.

EAEn uztailera atzeratu dute selektibitatea, momentuz behintzat.