Maider IANTZI

Berrogeialdiaren aurka egitea debekatu diote Bolsonarori

Brasilgo presidentea, Jair Bolsonaro, ez dago burutik sano; hala baieztatu du Sao Pauloko gobernadore Joao Doriak. Ez da gutxiagorako, presidenteak «gripe txiki» batekin alderatu baitu mundu osoan osasun krisi larria ekarri duen koronabirusa eta kanpaina egin baitu jendea etxetik ateratzera animatuz, ebidentzia mediko eta zientifiko guztien aurka. Paseatzen ere ibili da igande honetan.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen aurkako murala, Sao Paulon. (Miguel SCHINCARIOL/AFP)
Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen aurkako murala, Sao Paulon. (Miguel SCHINCARIOL/AFP)

Brasilgo presidentearen, Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren, jarrera ikusita Rio de Janeiroko epaile batek berrogeialdiaren aurkako kanpainak egiteko debekua ezarri dio Gobernuari. Fiskaltzaren helegite bat onartu du epaileak, «dokumentu teknikoetan» oinarritu gabe brasildarrei normaltasunera itzultzeko dei egiten dieten kanpaina instituzionalen aurkakoa.

Osasun ministerioak jakinarazi zuenez, herrialde honetan 114 ziren larunbatean Covid-19arekin hildakoak; kutsatuak, aldiz, kasik 4.000, eta zenbakiak gora doaz etengabe.

Bitartean, presidentearen semeak, Flavio Bolsonarok, ustez kanpaina ofizial baten parte den bideo bat, `Brasil no puede parar´(Brasilek ezin du gelditu) izenekoa, partekatu du sare sozialetan. Bertan, merkatariak negozioak berriz zabaltzera eta autonomoak lanera itzultzera animatzen dituzte. Presidenteari egotzi diote bideoaren atzean egotea, nahiz eta bere komunikazio idazkariak ukatu.

Edozein modutan, Laura Bastos epaileak, halako mezuen zabalpenari aurre hartuz, `Brasil no puede parar´kanpainarekin edo Osasun ministerioaren erranen kontra doan antzeko bertze edozeinekin lotutako mezuak zabaltzea debekatu dio Gobernuari.

Isolamenduaren aurkako karabanak

Rio de Janeiroko Justiziak Bolsonaroren jarraitzaileek antolatutako karabana bat ere debekatu du. Estatu honetan, Brasilgo bigarren kolpatuenean, koronabirusaren hedapena gelditzeko neurri murriztaileen aurkakoa zen karabana. Larunbaten 30 bat manifestarik elkarretaratzea egin zuten Tijuca auzoko supermerkatu baten aparkalekuan, baina Poliziak Gobernuaren egoitzaraino martxa egitea eragotzi zien.

Brasilgo bertze epaitegi batzuek ere ekintza mota hauek debekatu dituzte. Halere, presidente ultraeskuindarraren jarraitzaileek protesta txiki batzuk egitea lortu dute Sao Pauloko zenbait herri txikitan.

Hautsak harrotu dituzten adierazpenak...

Bolsonarok hautsak harrotu ditu aste honetan konfinamendua kritikatuz eta eskolen zabaltzea defendatuz. Soilik adinekoentzat eta eritasunak dituztenentzat aholkatu du berrogeialdia. Presidentearentzat «krimen» bat da halako neurri murriztaileak jende guztiari ezartzea eta brasildarrei publikoki eskatu die beren lanpostuetara itzultzeko, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioen aurka.

«Brasilek normaltasunera bueltatu behar du lehenbailehen», berretsi du. Ez hori bakarrik: epidemiari larritasuna kendu dio, koronabirusa «jendearen %90arentzat gripe txiki bat edo ezer» ez dela adieraziz. Munduan koronabirusarekin jende gehien hil den herrialdeko, Italiako, eta Brasilgo eskualderik kaltetueneko, Sao Pauloko, datuak ere zalantzan jarri ditu.

... eta paseoak ere bai

Igande honetan Brasiliako hiri batzuetan barna paseatzen ibili da Bolsonaro eta herritarrekin solasean aritu da, konfinamendu aginduei entzungor eginez. 65 urteko agintariak, armadako erreserbako kapitaina ere badenak, Alvoradako Jauregia utzi du, Brasiliako bere etxe ofiziala, eta ezustean bisitatu ditu gutxienez Ceilandia eta Taguatinga, bere sare sozialetan zabaldu duenez.

`Ihesaldi´ hori ez da agertzen agenda ofizialean eta Luiz Henrique Mandetta Osasun ministroak etxean gelditzeko beharra azpimarratu ondoko egunean egin du. Ceilandian, buruzagi ultraeskuindarra komertzio baten atarira hurbildu da eta herritar batekin solasean aritu da, jendeak momentua telefonoan grabatzen zuen bitartean.

Ekonomia, «immunitate ahularekin»

Koronabirusaren krisiak «immunitate ahularekin» eta egiturazko zailtasunekin harrapatu du Brasilgo ekonomia, Bruno Carazza ekonomialariak Efe agentziari jakinarazi dionez. Bere erranean, 2015 eta 2016an izandako atzerakadaren ondorioak sufritzen ari da oraindik herrialdea. Orduan BPGak zazpi puntu galdu zituen.

Bolsonarok koronabirusaren krisiaren eraginak gutxitzeko neurri batzuk hartu ditu, baina, ekonomialari batzuen arabera, Gobernuaren erantzuna «motela» izaten ari da nazioarteko bertze potentziekin alderatuta. Erran daiteke Covid-19ak Brasilgo ekonomiaren suspertzea zapuztu duela, presidente ultraeskuindarraren agenda liberala lurperatzearekin batera.

Bolsonaro 2019ko lehenbiziko egunean iritsi zen boterera, ekonomia berpizteko promesarekin. Koronabirusak, ordea, Hego Ameriketako ekonomiarik handienaren baikortasuna ezabatu du bat-batean. Honengatik kezkatuta, Covid-19ari garrantzia kentzea izan da presidentearen jarrera, otsailean 12 milioi pertsonakoa zen langabezia gelditzeko asmoz.