naiz

Poliziaren jazarpenik gabe, prentsa erostera atera gaitezkeela baieztatu du Grande-Marlaskak

Fernando Grande-Marlaskak, espainiar Barne ministroak, hiritarrak prentsa erostera Poliziaren jazarpenik pairatu gabe atera daitezkeela adierazi du. «Bermatu egiten da, noski, hiritarrak etxetik irten daitezkeela funtsezko eta oinarrizkoak bezala ulertzen diren aktibitate ororentzako. Eta horien hartean, prentsa bada», nabarmendu du.

Fernando Grande-Marlaska, Guardia Zibilaren Iruñeko koartelean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Fernando Grande-Marlaska, Guardia Zibilaren Iruñeko koartelean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Espainiar Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak hiritarrak etxetik prentsa erostera atera daitezkeela baieztatu du, «funtsezko» aktibitatea eta «oinarrizko beharra» delako. Beraz, Poliziak jarduteko arrazoirik ez dagoela adierazi du Madrilgo Gobernuak.

Osasun ministro Salvador Illarekin batera Madrilen eskainitako prentsaurrekoan, hiritarrei etxetik Poliziaren jazarpenik pairatu gabe irteteko aukera bermatzen zaien galdetu diote kazetariek, beti ere ohiko salmenta puntuetan prentsa erosteko asmoz.

«Bermatu egiten da, noski, hiritarrak etxetik irten daitezkeela funtsezko eta oinarrizkoak bezala ulertzen diren aktibitate ororentzako. Eta horien hartean, prentsa bada», adierazi du Marlaskak Moncloan egindako agerraldian.

Zentzu horretan, hiritarrei irteera horiek «oinarrizko elementu guztiak erosteko» baliatzeko eskatu die Barne ministroak, prentsa eta informazioa barne, prentsa argitalpenak «iritzi sortzaileak direlako». Hala ere irteera hauek «beti ere beharrezkoak diren segurtasun tarteak zainduz» egin behar direla nabarmendu nahi izan du Grande-Marlaskak.