NAIZ
Pasai Antxo

‘Tatiago’ abestiaren erritmora agurtu du Pasai Antxok Cristina Mota bizilagun eta futbolari ohia

Pasai Antxoko bizilagunek balkoietatik eman diote azken agurra asteburuan bapatean hil den Cristina Motari, bertako auzokidea zenari. Bat-batean hil zen 40 urteko emakumea, Intxaurdi Kirol Elkarteko futbolari eta zuzendaritzako kide ohia. Koronabirusaren krisiak dolua egiteko modua aldatu du eta Pasai Antxoko bizilagunek omenaldi hunkigarria eskaini zioten leihoetatik.

Cristina Mota Intxaurdiko jokalari eta zuzendaritzako kidea izan zen. (INTXAURDI)
Cristina Mota Intxaurdiko jokalari eta zuzendaritzako kidea izan zen. (INTXAURDI)

Herritarrek egunero, arratsaldeko zortzietan, koronabirusaren aurka borrokatzen ari diren osasun langileei eskaintzen dizkieten txaloak eredu bezala erabili dituzte, hileta bat egiteko eragozpenarekin, maite duten pertsona bati azker agurra eman nahi diotenek.

Hala, esaterako, Pasai Antxoko bizilagunek modu berezi batean eman zioten azken agurra Cristina Motari, bertako bizilaguna zenari. Bat-batean hil zen Kristina pasa den larunbatean, 40 urte zituela, eta ehunka lagun eta adiskideren maitasuna jaso zuen beraien etxebizitzetan isolatuta daudela. Balkoien barandetan danbor hotsak irudikatu zituzten, danborradako ‘Tatiago’ abestiaren doinuaz.

Igande iluntzeko irudi horiek bideo bakar batean jaso ditu Unai Martinek, ekimenaren sustatzaileetako batek, eta dagoeneko helarazi die Kristinaren taldekide izan diren Intxaurdiko jokalariei eta baita bere familia, lagun eta auzokide guztiei. Intxaurdi Kirol Elkarteak bere webgunean argitaratu du bideoa.

Pasai Antxoko San Fermin jaiak

Pasai Antxon San Fermin jaiak ospatzen dira uztailean, Iruñean bezain gogotsu. Nahiz eta oraindik hiru hilabete baino gehiago geratzen diren hitzordu horretarako, bizilagun batek gogora ekarri zuen Cristinak eta bere familia osoak ospakizun horrengatik sentitzen duten benetako pasioa. Danborrada horretako «ohorezko upel» izendatu zuten Cristina 2015ean.

Desfileko kantinera zaharren taldeak ekimenaren iniziatiba hartu zuen eta proposatu zuen atzo Cristinari eskaintzea jada ohikoa bihurtu diren arratsaldeko zortzietako txalo zaparradak.

Inprobisazioari bide emanez, batzuek erabaki zuten armairutik txapelak eta gerriko gorriak ateratzea eta zuriz janztea, San Ferminetako tradizioak agintzen duen bezala. Eta guztiek prestatu zituzten beraien makilak, arratsalde hartan barandak eta danborrak indarrez jotzeko.

Intxaurdi Kirol Elkarteko jokalari eta zuzendaritzako kidea izan zen Cristina Mota. Taldekidearen galeragatik atsekabetuta, Intxaurdiko jokalariek omenaldiarekin bat egin nahi izan zuten, baina, alarma egoeraren mugak zirela eta, lagunei eta ezagunei eskatu zieten mugikorrekin bideoak grabatzeko, gutxienez urrutitik jarraitu ahal izateko.