naiz

Durangoko bonbardaketaren 83. urteurrena Unai Iturriagaren testu batekin oroitu du Udalak

Martxoak 31 ditu, eta gaur 83 urte bete dira faxistek Durango bonbardatu zutenetik. Konfinamendua dela eta ekitaldi publikorik egin ezinagatik ere, Durangoko Udaleko eta herriko zenbait elkartetako ordezkariek udal adierazpen bateratu bat zabaldu dute; idatziz eta bideo bitartez. Testua Unai Iturriaga bertsolari eta komikigileak idatzi du.

Durango bonbardaketa
Durango bonbardaketa

Ezinbestean, Udaleko eta elkarteetako ordezkariek, bakoitzak bere etxetik irakurri ditu Iturriagaren lerroak, alarma egoeran ere ez dadin gal memoriaren eraikuntza, martxoaren 31tik apirilaren 4ra arte iraun zuen sarraskiaren historia.

«Hiru aldiz bonbardatuak izan ginen», gogoratzen du testuak; eta, atzetik, hirutan banatzen du 1937ko martxoaren 31 hartako kontakizuna: heriotza, gezurra eta ukazioa. «Alarma» orduan ere, «hegazkin bonbaketariek eguzkia bizkarrez eta herio aurrez, Durango dute sabelpean», oroitu dute.

Hirurehun bonbatik gora jaurti zituzten Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek Durangoren kontra, hirurehundik gora hildako eraginez. «Etxekoa galdu duenarentzako, bat asko da», dio testuak. Haserrea, mina eta amorrua aipatzen ditu Iturriagak, baina baita beldurra eta isiltasuna ere.

«Gerra Zibila… Zelan izango da gerra bat ‘zibila’ gerra militarren ofizioa bada!»

Lehenengo bi bonbardaketak «galdu genituela» nabarmentzen du testuak, heriotzarena eta gezurrarena. Hirugarrena, ukazioarena, «ez dezagun pasatzen utzi», aldarrikatzen du.

Hartara, «gogoratu dezagun ez ahazteko», diote durangarrek: «Hil zituztenak gogoratzea bizi garenon ardura delako. Eurei zor diegu eta geure buruei, geure herriari ere zor diogu. Gaur eta hemen, atzo eta bihar da».