Ernai eta Aitzinak antolatutako BidEHbat ekimena sareetan gauzatuko da

Ernaik eta Aitzinak, koronabirusa dela-eta, Uxue, Erriberri, Tafalla eta Iruñea lotuko zituen BidEHbat martxa bertan behera uztea erabaki zuten. Orain, baina, jakinarazi dutenez, ekimen hori sare sozialetara eramanen dute, apirilaren 8tik 12ra, arratsaldero, egitarau berezi bat prestatuko dute.

naiz|2020/03/31
Bidehbat
BidEHbat ekimena sarean antolatuko dute Ernaik eta Aitzinak. (ERNAI)

Koronabirusa dela-eta, aurten Nafarroa erdialdean Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak egitekoak ziren BidEHbat ekimena momentuz bertan behera geratu zela iragarri zuten osasun krisia hedatzen hasi zenean. Orain baina, ekimen hori sare sozialetara eramanen dutela jakinarazi dute.

«Antolatuta geneukan formatua egitea ezinezkoa izango denez, eta guztion itxialdia arintze aldera BidEHbat ekimena sarean egingo dugu. Apirilaren 8an hasiko gara, eta aurreikusita zegoen bezala Aberri Egunarekin amaitu», adierazi dute ohar baten bidez.

Beraz, apirilaren 8tik 12ra, arratsaldero egitarau berezi bat prestatuko dute. Honen inguruko zehaztapenak ixten ari dira eta datozen egunetan emanen dute haien berri.

Uxue, Erriberri, Tafalla eta Iruñea lotuko zituen martxa bat prestatu zuten gazteek, baina arduraz jokatu eta garaiz bertan behera uztea erabaki zuten. «Antolakunde feminista eta antikapitalista gara, eta zaintza erdigunera ekartzeko apustua egiten dugu. Pertsonala politikoa dela sinesten dugulako, COVID19aren aurrean antolakunde bezala erantzutea dagokigu», adierazi zuen Ernaik ekimena bertan behera geratuko zela iragartzeko unean.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Ostiral gauean En Tol Sarmiento Iekorako taldeak Bilboko Santana 27 aretoa hartu zuen, gazte ugari saltoka eta dantzan jarriz. Hona hemen Gaizka Peñafielek ateratako argazkien lagin bat.