NAIZ

Koronabirusaren krisian atzerrian zeuden 430 lagun jarri dira harremanetan Lakuarekin

Orotara atzerrian zeuden 430 lagun jarri dira harremanetan Lakuako Gobernuarekin. Horietatik, 268 dagoeneko Euskal Herrira itzuli dira eta beste 23k atzerrian gelditzea erabaki dute, Lakuako Gobernuko Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak azaldu duenez.

Perun zegoen euskal herritar talde bat. (NAIZ)
Perun zegoen euskal herritar talde bat. (NAIZ)

Koronabirusaren krisiaren erdian atzerrian zeuden 430 lagun jarri dira harremanetan dira Lakuako Gobernuarekin; horietatik 268 dagoeneko Euskal Herrira itzuli dira, eta 23k erabaki dute dauden herrialdean geratzea, Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorzak Radio Vitoria irratian egind dioten elkarrizketan azaldu duenez.

Gainera, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Limako kontsulatu espainiarrarekin harremanetan jarri ostean, Perutik beste bi hegaldi prestatzen ari direla jakinarazi du, bata gaur bertan aterako da eta bestea bihar. «Espero dut blokeatuta geratu diren euskal herritarrak gaur eta bihar artean itzultzea», adierazi du.

Elkarrizketan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu du euskal herritarrak bost kontinenteetako herrialdeetan daudela harrapatuta, baina Peru, Zeelanda Berria eta Australia aipatu ditu foku nagusitzat. Elorzaren hitzetan, harrapatuta dauden pertsonek dituzten arazo nagusiak hauek dira: hegaldiak bertan behera uztea aire trafikoan murrizketak daudelako, mugak erabat ixtea eta herrialde batzuetan barne mugimenduan dauden mugak. Era berean, blokeatuta geratu diren pertsonen artean bi kategoria bereiz daitezkeela argitu du: batetik, turismoa egiten ari ziren pertsonak, gehienak, eta, bestetik, ikasketak, bekak, lankidetza eta abar direla-eta aldi baterako atzerrian bizi direnak.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gogorarazi du nola jokatu behar den atzerriko herrialde batean harrapatuta egon eta Euskal Herrira itzultzeko arazoak izanez gero. Hala, azaldu du, harrapatutako pertsonak gertuen duen kontsulatuarekin jarri behar dutela harremanetan larrialdietako telefonoaren bidez, larrialdi kontsularren telefono bidez; eta kontsulatuarekin harremanetan jarri ezin bada, Lakuako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin jar daiteke harremanetan kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 945 01 81 26 telefono-zenbakiaren bidez, eta han erantzungo zaie euren eskaerei eta kontsultei.