Naiz

Kutxa Kultur Musikako talde egoiliarrek kanta bat sortuko dute etxetik eta elkarlanean

Pausoz pauso, talde bakoitzak bere ekarpena egingo du. Hiru egun izango ditu bakoitzak bere aletxoa jartzeko, eta sorkuntza prozesuaren bideoak sareetara igoko dituzte eguneroko moduko bat osatuz. Helburua denon artean abesti bat sortzea da, aurrerantzean Kutxa Kulturren kanta izan dadin.

Kutxa Kultur Kantan parte hartuko duten musikariak. (NAIZ)
Kutxa Kultur Kantan parte hartuko duten musikariak. (NAIZ)

Konfinamendu egoerak adimena zorrozten du eta sortzaileak aukera berrien bila dabiltza. Hori da Kutxa Kultu Musikako egoiliarren kasua, elkarrekin ekimen berri bat martxan jartzea erabaki dutenak. Kutxa Kultur Etxean Festibalaren ostean otu zitzaien ideia Kutxa Kultur Kanta sortzeko. Katean eta lankidetzan sortzeko aukera izango dute orain parte hartzaileek.

Kanta bat sortu nahi dute sei talderen artean, pixkanaka konposatuz. Siete C taldeko Eduardo Amadok jarriko du hazia pianoarekin loop bat osatuz, lau akorderekin. Ondoren, Lemy River izango da pista bat sortzen lehena, gero Idoia Asurmendik ahotsa jarriko du eta bere gustura eraldatuko du kanta. Atzetik Indian Feathers sartuko dira lantaldera, eta gero Beste Urtaroak eta Cônvoi taldeak. Prozesua amaitzeko Eduardo Amadok eta Lemy Riverrek jasoko dute berriro kanta eta nahasketak egingo dituzte.

Talde bakoitzak hiru egun izango ditu bere sortze-prozesua lantzeko, eta sare sozialen bidez joango dira partekatzen jendeak bakoitzaren ekarpena ikus dezan, aurreko taldearen lana eta inspirazio-iturri izan duena azalduz. Grabazioa eguneroko moduko bat izango da, baina ikus-entzunezko formatuan.

Masterizaziorako zortzi egun beharko dituzte, eta aurreikusten dute lan guztia apirilaren 20ra arte luzatuko dela. Hala, konfinamendua amaitzen denerako kanta berria prest izango dute Kutxa Kultur Musika 2020ko talde guztien artean konposatutakoa eta Kutxa Kultur-en abesti bilakatzea nahi dutena.