Naiz

Zinema Eraikitzen 37 sarean egingo da eta aste honetan ezagutuko dira film irabazleak

Zinema Eraikitzen sailaren 37. edizioa, Zinemaldia eta Cinélatino Rencontres de Toulouse jaialdien artean antolatzen dutena, martxoaren 26 eya 27an ze ospatzekoa. Koronabirusaren ondorioz ezinezkoa izan denez, internet bidez egitea erabaki dute. Hala, aukeratutako sei filmetatik onenak zeintzuk diren datozen egunean jakingo dugu.

Hautatutako filmetako lauren irudiak. (NAIZ)
Hautatutako filmetako lauren irudiak. (NAIZ)

Donostiako Zinemaldiak eta Cinélatino Rencontres de Toulouse zinema jaialdiak antolatzen duten Zinema Eraikitzen sailaren 37. edizioa sarean egingo da, Covid-19 gaitzak eragindako egoera dela eta, eta aste honetan iragarriko dira film irabazleak, Donostia Zinemaldiko iturriek jakinarazi dutenez.

Antolatzaileek aurretik jakitera eman zutenez, 18 herrialdetako 205 filmek eman zuten izena ekimenaren 37. edizioan, eta Okzitaniako Tolosako eta Donostiako zinema jaialdiek osaturiko hautapen batzordeak sei film hautatu zituen: ‘50 o dos ballenas se encuentran en la playa’ (Jorge Cuchi, Mexiko), ‘Desasosiego / Restless’ (Paz Fabrega, Costa Rica-Mexiko), ‘El otro Tom’ (Rodrigo Plá, Mexiko), ‘Karnawal’ (Juan Pablo Félix, Argentina-Brasil-Mexiko-Txile-Bolivia), ‘La chica nueva’ (Micaela Gonzalo, Argentina-Brasil) eta ‘Memory House’ (João Paulo Miranda, Brasil-Frantzia).

Zinema Eraikitzen sailaren 37. edizioa joan den astean egin behar zen, martxoaren 26an eta 27an, Cinélatino Rencontres de Toulouse zinema jaialdiaren esparruan, baina, koronabirusak eragindako osasun krisi egoera dela eta, azkenean sarean egingo da. Hiru sari banatuko dira, eta aste honetan jakinarazi: Zinema Eraikitzen Toulouse saria, Cine + Eraikitzen saria eta Europako Banatzaileen eta Erakusleen saria.

Zinema Eraikitzen Latinoamerikako film luzeen ekoizpena babesten duen plataforma profesionala da, eta filmok amaitzen eta nazioartean banatzen laguntzen du. Donostia Zinemaldiak eta Cinélatino Rencontres de Toulouse zinema jaialdiak antolatzen dute, Latinoamerikako eta Europako zinemagintzako profesionalei elkargune bat eskaintzeko eta haien elkarrizketa eta elkarreragina sustatzeko, zinemagile independenteen aniztasuna eta talentua bultzatuz.