Bilgune Feministak osasun krisian «proportzioz, zentzuz eta lasaitasunez» jokatzea eskatu du

Bilgune Feministak uste du osasun krisialdian kontraesan ugari daudela gizarteak jaso duen informazioaren inguruan eta «azalpenak eta gardentasuna» behar dituela. Era berean, etxean gelditu ezin diren gehienak emakumeak eta sektore prekarioetan lana egiten dutenak direla azpimarratu du.

Naiz|2020/04/01
Gpointstudio
Etxean gelditu ezin daitezkeen sektoreetako langile asko emakumeak dira. (GPOINTSTUDIO / GETTY IMAGES)

Bilgune Feministako Osatze Lan Taldeak Covid-19 birusaren aurrean hartu diren neurriak kritikatu ditu, uste duelako egoera honek zaintza eta ongizate krisi bat azaleratu duela. «Ez gaitzatela inozoak bezala tratatu», adierazi du ohar baten bidez.

Mugimendu honen ustez, hartutako neurrien proportzionaltasuna «zalantzagarria da», alarma bidez zabaldu den informazioa «kontraesanez beteta» dagoelako. Hori frogatzeko, koronabirusa beste gaixotasunekin konparatu dute: «2019an, Espainiar estatuan 270.000 minbizi kasu antzeman ziren, eta horietatik 53.000 hil ziren. 525.300 gripe kasu antzeman ziren iaz, eta 6.300 lagun hil ziren gripearekin eta 10.000 lagun neumoniarekin, beste milaka eta milaka heriotza ez aipatzearren». Hori horrela, gizarteari «azalpenak eta gardentasuna» zor zaiola uste du.

Era berean, etxeko konfinamendua sektoreen arabera desberdina izan dela uste du. «Gogoan izan etxean geratu ezinik, bereziki, herritarak zaintzen ari diren zaintzaileak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, garbitzaileak... gehienak emakumeak eta sektore prekarizatuetakoak» direla aipatu dute.

Hori dela eta, egoera hau luzatuko dela aurreikusiz, «proportzioz, zentzuz eta lasaitasunez» jokatzea eskatu du, pertsonen beharrak kontutan izango dituen politikak eta isolamenduari eta horren ondorioei aurre egiteko neurriak aplikatuz.

«Gure osasunaren izenean, ez gaitzatela gehiago prekarizatu, gehiago indibidualizatu, askotariko indarkerien aurrean bakartu, gure eskubideak murriztu, soldata gabe utzi edota etxekoen zaintza guztien arduradun bilakatu», aldarrikatu du.

Bilgune Feministaren iritziz, «osasuna birusaren aurka joatea baino askoz gehiago» da, eta geldialdi hau «arnasteko, naturari birsortzeko aukera emateko, egunerokoaz hausnartzeko eta bizitza bizigarriagoa irudikatzeko» erabiltzea proposatu du.

Dena amaitzean osasunean, burujabetzaren galeran edota ekonomian sortuko diren krisialdien aurrean aukera berriak bilatu, elkar zaintzeko sareak sortu eta bizitzak erdigunean kokatzeko bidea egitearen ideia zabaldu du.