Haritz LARRAÑAGA

Garraiolarien artean janari beroa banatu du Vinci enpresak

Estatu frantseseko 63 autobide kudeatzen dituen enpresak kafe beroa doan eskaintzen du egunero atseden guneetan. Astelehenean bezala, gaur ere afaria eskaini diete garraiolariei, besteren artean, Bidarte eta Labenneko atseden lekuetan. ‘Food Truck’ kamioiak erabiltzen dituzte edari eta janari beroa eskaintzeko.

«Food truck» kamioia janaria banatzen Labenneko atseden lekuan. (Guillaume FAUVEAU)
«Food truck» kamioia janaria banatzen Labenneko atseden lekuan. (Guillaume FAUVEAU)

Vinci Autoroutes enpresak janari beroa eta kafea banatu ditu kamioilarien artean gaur arratsaldean A63 autobideko zenbait atseden guneetan. Pasa den astelehenean egin zuten moduan, asteazken honetan ere janari beroa banatzen duen ibilgailua Bidarte eta Labenneko atseden lekuetan kokatu da arratsaldeko bostetatik gaueko bederatziak bitartean afariak eskaintzeko.

«Eguneroko heroiak» laguntzeko egitasmoa dela esan du Estatu frantseseko 63 autobide kudeatzen dituen Vinci enpresak eta datozen egunetan ere garraiolariei goizero kafea eskaintzen jarraituko duela iragarri du. Izan ere, janari beroa egun zehatzetan baino eskaintzen ez duten arren, kafea doan hartzeko aukera egunero ematen ari dira atseden guneetara urbiltzen diren food truck kamioien bidez.

Atseden guneetako ohiko kafetegiak eta saltokiak itxita daudenez, garraiolariek ohiko moduan jateko aukera oso mugatua dute, eta janari beroa topatzeko zailtasun handiak dituzte.

Lapurdiko kostaldea zeharkatzen duen A63 autobidea, zein Baiona eta Pau lotzen dituen A64 autobideak kudeatzen ditu, besteren artean Vinci enpresak, eta kudetazen dituen autobide guztietako atseden guneetara zabaldu du janari eta edari beroa banatzeko egitasmoa.