Amaia U. Lasagabaster

Cristoforo: «Futbolaz hitz egiten hasi aurretik egoera konpondu behar dugu»

Eibarko erdilariaren ustetan, lehentasuna «pandemiaren hedadura gelditzea eta pertsonen osasuna bermatzea» da.

Cristoforok komunikabideen galderei erantzun die bere etxetik. (NAIZ)
Cristoforok komunikabideen galderei erantzun die bere etxetik. (NAIZ)

Zazpi partida besterik ez ditu jokatu Sebastian Cristoforok Eibarko kamisetarekin. Neguko merkatuan heldu eta berehala irabazi zuen Mendilibarren konfiantza baina koronabirusak sortutako egoera dela eta, erdilariak ezin izan du erakutsi Eibarrek behar duen jokalaria den ala ez.

Eta auskalo demostratzeko aukera izango duen. Fiorentinak utzita, ekainaren 30ean Italiara itzuli beharko luke, Eibarrek zesio-kontratuan bere fitxa erosteko klausula sartu bazuen ere. Baina une honetan ez daki zer gertatuko den. Bere agenteekin hitz egiten duela onartu du, etxetik eskainitako prentsaurrekoan, «baina egia esateko osasunaz, familiaz… hitz egiten dugu. Gauza asko entzuten ari gara, hipotesi asko, kontratuekin zer gerta daitekeen denboraldi amaierarekin gertatzen denaren arabera, baina momentuz inork ez daki ezer. Eta gainera une honetan garrantzitsuena bizitza normalera itzultzea da. Eta gero gerokoak». Edozein kasutan, Cristoforok Eibarren «oso gustora sentitu» dela adierazi du, «nahiz eta denbora gutxi eman dudan hemen. Talde handi baten barruan sentitu naiz, familia handi baten, eta hori oso garrantzitsua da».

Denboraldiaren amaierari dagokionez, futbolariaren iritzia antzekoa da. «Futbolaz hitz egin hasi aurretik, egoera konpondu behar dugu», esan du. «Liga noiz edo nola amaituko den pentsatzeko, amesgaizto honen konponbidea aurkitu behar dugu. Lehentasuna birusa nola sendatu bilatzea, pandemiaren hedadura gelditzea eta pertsonen osasuna bermatzea da. Gero, ahal den neurrian eta erritmoan, normalitatera itzuli eta ikusiko da nola ekiten zaion berriro denari: Liga, bizitza, lana, ikasketak… Baina une honetan garrantzitsuena kutsadurak gelditzea da», azpimarratu du.

Bitartean, «gure esku dagoena, agintariek esaten dutena aintzat hartu eta etxean geratu egin behar dugu». Eta konfinamendua «ahal den eta hoberen» jasan. Zaila dela onartu du, «batez ere familia urrun dagoenean. Behintzat gaur egun teknologiari eta sareei esker ez gara hain urrun sentitzen». Bere egunerokotasuna «askoren antzekoa dela suposatzen dut. Goiz esnatzen naiz, gosaldu eta entrenatu pixka bat. Gero bazkaltzeko pixka bat sukaldatzen saiatzen naiz eta bazkaldu ondoren, irakurri, interneten ibili eta berriro entrenatu. Afaria prestatu, familiarekin eta lagunekin hitz egin, pelikularen bat ikusi eta lo egitera», laburbildu du. Konfinamenduaren alde txarrena, dudarik gabe, «familiarekin eta lagunekin egon ezin izatea eta kalera irten ezin izatea» da baina, aldi berean, «irakaspen» bat edo bat utziko duela ere uste du uruguaitarrak. «Hau guztia amaitzen denean, nik uste dut gehiago baloratuko ditugula gauza txikiak. Gure egunerokotasunean ikusten ez ditugun, konturatzen ez garen… hainbat gauza gehiago baloratuko dugu. Batez ere familiarekin eta lagunekin egotea».