NAIZ

Euskal Herriko balkoietan burrunbada egitera deitu du Zaldibar Argituk apirilaren 6an

Apirilaren 6an bi hilabete beteko dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia kolapsatu eta luizia gertatu zenetik. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak harrapatu zituen hondamendi honek. Gertaturikoa argitzea exijitzeko, Euskal Herria guztia mobilizatzera deitu du Zaldibar Argitu plataformak. Balkoietatik zarata ateratzera deitu du datorren astelehenean, hilak 6, 20.30ean.

Ezbeharra gertatu zela 50 egun bete zirenean Zaldibarreko leihoak aldarrikapenez bete ziren. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Ezbeharra gertatu zela 50 egun bete zirenean Zaldibarreko leihoak aldarrikapenez bete ziren. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Zaldibarko Verter Recycling zabortegia amildu zenetik bi hilabete beteko dira apirilaren 6an eta Zaldibar Argitu plataformatik diote «dagoeneko» ez dakitela nola esan gertaturikoa argitu beharra dagoela. «Langileak aurkitu behar dituztela, horretarako bitarteko guztiak jarriz. Zabortegian zer dagoen aztertu eta jakinarazi behar digutela», alegia.

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertutako langileak gogoratzeko –55 egun pasa dira lur eta zabor azpian geratu zirenetik– eta azalpenak «zor dizkigutela» adierazteko, mobilizazioa iragarri du herri plataformak. Etxeetan konfinatuta gauden arren, Euskal Herria osora zabaldu dute deia. Aurretik, Zaldibar, Eibar, Ermua, Elgeta eta Mallabian, besteak beste, egin zituzten protestak.

Apirilaren 6an 20.30ean balkoiak «aldarrikapenez bete» eta bost minutuz «burrunbada» egitera deitu du Zaldibar Argituk. Burrunbadaren ondoren, kandela bi (edota bestelako argiak) pizteko gonbita egin dute, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren omenez.

«Ezin da herritarron bizitzekin jolastu eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatu. Ezin dute beste alde batera begiratu. Hemen geratu dena eta gertatzen ari dena oso larria da eta azalpenak merezi eta behar ditugu», ohartarazi du herri mugimenduak ohar baten bitartez.

Aldarrikapenak betetzea

Langileak aurkitzeko bitarteko guztiak jartzea, zabortegian zer dagoen aztertu eta herritarrak informatzea, gertatutakoaz azalpenak ematea, egun zabortegian lanean dauden langileen segurtasuna bermatzea, erantzukizunak argitzea, Iñaki Arriolak, Lakuako Ingurumen sailburuak, dimititzea eta hondakinen kudeaketa eredua aldatzea exijitzen du Zaldibar Argituk.

Aldarrikapen hauek hasieratik egiten dabiltza herritarrak eta kexu dira bi hilabetean «aldarrikapen bakar bat ere ez delako bete». «Berriz diogu, nahikoa da, aski da, honekin bukatu behar dute!», diote irmotasuez.

«Bi hilabete igaro dira Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. Bi hilabete, bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, zabor azpian desagertuta daudenetik. Bi hilabete, gure osasuna arriskuan jarri zutenetik. Bi hilabete, erantzule zuzenak egon arren, erantzukizunak inork bere gain hartu ez dituenetik», ohartarazi du herri mugimenduaren oharrak.