Karmele Jaio eta Bernardo Atxaga, 111 Akademiaren sarirako finalistak

Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ edota Bernardo Atxagaren ‘Etxeak eta hilobiak’, bietako bat izango da aurtengo 111 Akademiaren Saria eskuratuko duena. Erabakiaren berri apirilaren amaieran emango dute.

NAIZ|2020/04/02
Karmele_jaio
Karleme Jaio da 111 Akademia Sarirako finalistetako bat. (Endika PORTILLO | FOKU)

Urteko literatur lanik oparoena saritzen du 111 Akademiak eta 2019ari dagokion saria nork eskuratuko duen erabakitzeko bozketak egiten ari dira akademiako kideak. Iragarri dutenez, Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ eta Bernardo Atxagaren ‘Etxeak eta hilobiak’ lanak igaro dira finalera eta, beraz, horietako bat izango da 2019ko 111 Akademia Saria eskuratuko duena. Saridunaren izena apirilaren amaiera aldera emango dute.

Ohar bidez adierazi dutenez, bigarren bozketa txanda martxoaren 6an abiatu zuten eta hilaren azkenera arte egon da zabalik. Txanda honetan lehen bueltan boto gehien jaso zuten lanak izan dira lehian: Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’, Bernardo Atxagaren ‘Etxeak eta hilobiak’, Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen ‘Miñan’ eta Itxaro Bordaren ‘Susmaezinak’ lanak izan dira lehian eta, horietatik, lehen biak iritsi dira finalera.

111 Akademiatik azaldu dutenez, ezarria duten bozketa sisteman bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa da obra batek botoen %40a lortzea, eta ez da hala izan. Horregatik, boto gehien jaso dituzten biak pasa dira finalera. Obra horien harira GARAn Bernardo Atxagari zein Karmele Jaiori egindako elkarrizketa zabalak irakurgai daude sarean. Lehenak bere oroitzapenei heldu die elkarri lotutako istorioez eraikitako nobela mardula osatzeko, eta bigarrenak gizon eta emakumeen arteko harremanei erreparatu die genero arrakalaren sakontasunaz hausnartzeko.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.