Haritz Larrañaga

Konfinamendu garaian egiteko 40 ekintza proposatu ditu Bizi mugimenduak

‘Konfinatuak baina motibatuak’ kanpaina abiarazi du Bizi! Mugimenduak. Etxean egin daitezkeen 40 ekintza proposatzen ditu, «lehen lerroan diren herritarrei elkartasuna» adierazteko, eta, «lurralde jasangarriago bat eraikitzen laguntzeko». Ekintza hauek konfinamendua amaitu ostean ere egin daitezkeela nabarmendu dute.

Besteen artean laborariek martxan jarri duten Lekukoa banaketa sistema babesten du Bizik. Guillaume Fauveau
Besteen artean laborariek martxan jarri duten Lekukoa banaketa sistema babesten du Bizik. Guillaume Fauveau

Lau ardatz nagusi oinarrian ezarrita edornok etxetik egin ditzakeen 40 ekintza proposatu ditu Bizi! mugimenduak. Ekintzak hautatzeko erabili dituzten lau irizpide nagusiak honakoak dira: formakuntza, elkartasuna, lehengaien «berlokalizatzea» eta ingurugiroan eragiten dugun inpaktua gutxitzea.

Pausa garai hau informatu eta formatzeko baliatu behar dela dio mugimendu altermundialitsak. Elkartasuna adierazteko bitartekoak ere anitzak direla oroitarazten du, eta zentzu horretan gizarteko eremu ahulenetan diren pertsonak ekartzen ditu gogora, hala nola, etorkinak, etxe gabeak, edo bakarrik diren adineko pertsonak.

Lehengaien «berlokalizatzeari» dagokionean, bertako ekonomia sustatzeko plantan ezarriak diren bertako proiektuak nabarmentzen dituzte. Erosketak egiteko, adibidez, berriki Ipar Euskal Herriko laborariek martxan jarri duten ‘Tokikoa’ banaketa sistema aipatu dute prentsaurreko telematikoa eskaini duten Biziko kideek. 

Etxeko energia sarea hornitzeko, Enargia bezalako proiektuek eskaintzen duten aukera kontuan hartzeko eskatu dute, «kanpoko enpresa handiek ez bezala, bertan sortutako energia modu jasangarrian ekoizten baitute», argitu dute Biziko kideek. Eta azkenik, lekuko monetak bertako ekonomia bultzatzen laguntzen duenez, herritarrak eusko moneta erabiltzera gonbidatzen dituzte.

Sarean nahiz etxean egiteko ekintzak

Romain Dussault, Biziko bozeramailearen iritziz, «nahiz eta konfinatuak egon, gure garapenean eragin dezakegu, gure ekonomia, elikadura, eta energia hornidura berlokalizatzen, zabor gutxiago produzitzen eta gailuen berrerabilpena sustatzen».

Bizik proposatzen dituen 40 ekintzen artean, badira internet sarean egitekoak eta baita etxean egitekoak ere, esaterako, gailuen konponketa eta berrerabilpena bideratzea, baina ekintza hauek ez direla konfinamendu garaira mugatzen azpimarratu dute: «Konfinamendu ostean ere egiteko ekintzak dira».