Moraza: «Athleticek lan handia egiten du harrobiarekin eta horri eman behar diogu garrantzia»

Hegalari zuri-gorriak lehen taldera igo diren gazteak eskaintzen ari diren maila azpimarratu du.

Amaia U. Lasagabaster|2020/04/03
Morazaetxean
Morazak etxetik erantzun ditu zaletuek eta kazetariek egindako galderak. (Naiz)

Athleticek jokalari garrantzitsuak galdu ditzake datorren denboraldian. Damaris Egurrelaren aitak SER irratian esandakoari jarraituz, erdilari bizkaitarrak alde egingo du. Eta zurrumurruek asmatzen badute, Maite Orozorekin batera jokatuko du Real Madriden hemendik aurrera.

Zer egin dezake Athleticen horren aurka? Bere armarik onena erabili, hau da, harrobia. Horrela azpimarratu du Ainhoa Vicente Morazak. Hegalari zuri-gorriak, logikoa denez, ez du nahi izan kasu zehatzei buruz hitzegin, «norbera bere etorkizuna erabakitzeko aske» dela adieraziz baina «jokalariak joan direnean taldeak beti aurrera egin» duela gogorarazi du. Eta oraingoan ere gauza bera gertatuko duela pentsatu nahi du. «Oso harrobi ona daukagu. Aurten ere ikusten ari gara, jende asko igo da lehen taldera eta gauzak oso ondo egiten ari da. Athleticek lan handia egiten du harrobiarekin eta horretan zentratu behar gara, horri eman behar diogu garrantzia», azpimarratu du.

Etorkizuna heldu aurretik, hala ere, oraina dago. «Etendako» oraina bada ere. Eta oraina, iragan hurbilena bezela, oso ona izaten ari da Morazarentzat. «Oso ondo sentitzen naiz fisikoki –azaldu du–. Aurten lan handia egiten ari gara, Lezaman gosaltzeak, bazkaltzeak eta goiz osoa bertan lan egiten emateak asko laguntzen gaitu, gehiago, hobe eta gogotsuago egiten dugu lan. Ez dakit nere denboraldi onena den baina egia da asko disfrutatzen ari naizela». Sari bat ere lortu due, Jorge Vildak deitu baitzion espainiar selekzioarekin She Believes Cup txapelketa jokatzeko. «Oso gustora egon nintzen Estatu Batuetan. Egia da beldur pixka bat nuela –aitortu du–, taldea oso osaturik dagoelako eta ni ‘berri’ bezala nihoalako. Baina ezagunak ere banituen eta oso ondo hartu ninduten jokalari guztiek. Asko disfrutatu nuen esperientziarekin».

Pertsonalki kexa gutxi badauka, antzekoa esan daiteke taldea egiten ari denari buruz ere bai. Batez ere zuri-gorriek Kopan egin duten bideagatik. «Oraindik finalerdietan gaude baina egia da oso ondo geundela, gauzak ondo egiten, fisikoki ondo…», adierazi du. Eta ez du ezkutatzen, «nere lehen denboraldiak Liga irabazi» ondoren, orain «Kopa irabazteak ilusio handia» egingo liokeela. Are gehiago gizonoezkoen taldeak txapelketa irabazten badu. «Eurak finalean daude eta guk oraindik finalerdia jokatu behar dugu –gogorarazi du–. Baina oso oso polita izango litzateke, bai Athleticentzat, baita bilbotarrentzat, talde biak finalera iristea».

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.