NAIZ

Bi lagun hil dira eta 37k eman dute positibo azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sareko 14 zentrotan, guztira, 178 kasu positibo antzeman dira eta hildakoak 28 dira. Aldundiak laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskaini dizkie Gipuzkoako egoitza baliabideetako erabiltzaileak aldi baterako etxera itzultzea eskatzen duten familiei.

Tolosako Iurreamendi adinekoen egoitza. (Jon URBE/FOKU)
Tolosako Iurreamendi adinekoen egoitza. (Jon URBE/FOKU)

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako 65 egoitzetako egoeraren berri eman du, non 5.425 pertsona artatzen diren guztira, eta zehaztu du azken orduetan bi lagun zendu direla eta 37k eman dutela positibo Covid-19an.

Gipuzkoako egoitza sarean, guztira, 178 kasu positibo detektatu dituzte eta 28 heriotz izan dira, 14 egoitzetan. Azken orduetan, kasu positibo bat hauteman da, lehen aldiz Donostiako La Paz egoitzan. Azken eguneko bi heriotzak Tolosako Iurreamendin eta Zarauzko Santa Anan eman dira; Gurutze Gorriak egun 34 pertsona artatzen ditu, eta bederatzi ospitaleratuta daude.

Bestalde, bozeramaileak jakitera eman du foru agindu berri bat onartu duela Gipuzkoako Aldundiak, non laguntza tekniko eta ekonomikoak zehazten diren, helburu dutelarik «mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako egoitza zentroetako erabiltzaileak, desgaitasuna duten pertsonen egoitza zentroetakoak, eta laguntza duten etxebizitzetan bizi direnak bizileku partikular batera aldi baterako itzultzeko laguntza ematea».

Programak 244.884 euroko partida batez osatuta dago. Bozeramaileak zehaztu du honekin Aldundiaren helburua dela «hain konplexua den momentu honetan familia guztiak babestea, bakoitzari gure esku dauden erraztasunak eskainiz».

Mendozak gaineratu du programa honek «ez duela masiboa izatea bilatzen», familia ugariren eskariak erantzutea baizik, «eta foru erakundetik saiatzen garenak ahalik eta modu egokienean erantzuten».

Era horretan, bozeramaileak zehaztu du, 240 zentroz osatutako saretik, non 7.000 lagun artatzen diren, egun arte, etxera itzultzea 150 pertsonek eskatu dutela, eta gehienak desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan eta bizikidetza unitate txikietako egoiliarrak direla.

«Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte politiken arloan pasa den martxoaren 24an onartutako Txoke Planean zehaztutako 50 ekintzetako bat da programa», adierazi du bozeramaileak.

Horrela, Covid-19aren ondorioz sortutako osasun krisiaren ondorioak modu «estrategiko eta koordinatuan» heltzeko helburuarekin sortutako plana da.

«Egoitzatik irteten diren egunaren biharamunetik zentrora itzultzen diren egunera arte, hilabetero 424 euroko laguntza jasoko dute 1 eta 2 mailako mendekotasuna duten pertsonek, eta 338 eurokoa 3. mailako mendekotasunarekin baloratutako erabiltzaileek», azaldu du Eider Mendozak.

Laguntza hauek egoitza publikoetako, pribatuetako eta zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonek jaso ahal izango dituzte. Era berean, bozeramaileak zehaztu du etxera itzultzea eskatzen duen pertsona orori plaza mantenduko zaiola, eta ez zaiola horregatik kobratuko.