MARTXELO DIAZ

Batera ekimeneko bultzatzaileek Aberri Egun berezia etorkizuna eraikitzeko tresna dela azaldu dute

Sareetan zabaldu duten bideoan Batera ekimeneko kideek heldu duen igandean ospatuko den Aberri Egun berezia «herri honen etorkizuna eraikitzeko hausnarketa biltzeko» aukera izango dela nabarmentzen dute.

Batera ekimenaren bideoaren irudia.
Batera ekimenaren bideoaren irudia.

Aberri Eguna Euskal Herria osoan eta elkarrekin ospatzeko deia egin duten herritarrek ekimen honen nondik norakoak azaltzen dituen bideoa zabaldu dute.

Bertan, ekimena bultzatu duen taldearen ordezkaritza bat azaltzen da: Barakaldoko Iker Villa musikaria, Portugaleteko Iratxe Gonzalez medikua, Ortzaizeko Terexa Lekunberri etnologoa, Hendaiako Maialen Arzallus bertsolaria, Soraluzeko Kristina Jacas suhiltzailea, Iruñeko Amaia Nausia historialaria, Azkaingo Aitor Servier-Etchetchuri bertsolaria, Iruñeko Ainhoa Aiensa supermerkatuko kutxazaina eta Amurrioko Basilio Garcia udaltzaina.

«Aurtengo Aberri Eguna oso momentu berezian datorkigu, koronabirusa dela eta denok etxean pasa beharko dugulako eguna. Horrek halere aukera sortu digu Euskal Nazioaren Eguna Euskal Herria osoan eta batera ospatzeko», nabarmentzen du Maialen Arzallusek.

Larrialdi honetan bizia galdu dutenak gogoratzeko, zaintzak egiten eta gaitzaren kontra borrokan ari direnei esker ona azaltzea eta «gure harrotasuna bidaltzea» dira Aberri Egun berezi honen helburuak bideoan Hendaiako bertsolariak azaltzen duenez. «Guzti horiei besarkada kolektiboa emateko eguna da. Aurtengo Aberri Eguna berezia izango da bai uneagatik bai egingo dugunagatik», gaineratu du.

Kristina Jacasek, berriz, Aberri Eguna ospatzeko egiten duten proposamena azaltzen du. Gaurtik hasita www.aberrieguna2020.eus webgunean elkartasun mezuz osaturiko mosaiko erraldoia egingo dute. Hori osatzeko argazkiak bidaltzea eskatzen dute. Bigarrenik, Aberri Egunean bertan, heldu den igandean, etxeko leiho eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak paratzea eskatzen dute. Azkenaldian hil direnak gogoratzeko xingola beltza erabili daitekeela azaldu du Jacasek. 12.30ean, berriz, ‘Txoria txori’ abestia kantatzea eskatzen dute, hildakoen omenez minutu bateko isilunea egin ondoren. Irratiei kantu hau jartzeko deia egin diete.

Ekimen honetara atxikitzeko ateak zabalik daude eragile ororentzat, Amaia Nausiak azaltzen duenez. «Horretaz gain, norbanakoen atxekimendua jasotzen duen adierazpena lantzen ari gara, herri honen etorkizuna eraikitzeko hausnarketa bilduko dituena», gaineratu du.