Amalur ARTOLA
Elkarrizketa
Jurgi Ekiza
Musikaria

«Sorkuntza beste elementu batzuen digestioa da»

Konfinamenduaren noraezean, ukelelea hartu eta egoeraren gaineko abestia konposatu zuen Jurgi Ekizak eta, kulturak parte hartzailea izan behar duela sinetsita, sare sozialen bidez gizartea abesti hura (‘Ez dakit gehio zer eguna den’) osatzera gonbidatu zuen. Eskuartean du materiala. Eta ez du inor kanpoan utziko: «Parte hartu duen guztiak egon behar du kantuan».

Juan Carlos RUIZ | FOKU
Juan Carlos RUIZ | FOKU

«Astelehena, asteartea, asteazkena… ez dakit gehio zer eguna den», dio Jurgi Ekiza musikari eta abeslariak bere etxeko abaroan sortutako abestiaren errepikak. Willis Drummonden birak utzitako jet lagari konfinamendua batu zitzaion etxera itzuli zenean, eta lo egin ezinak eraman zuen egoeraren gaineko kantu hau sortzera; kulturaz duen pentsamoldeak, aldiz, abestiak kolektiboa izan behar zuela ebaztera. Hala, sare sozialetatik deialdia egin zuen ‘Ez dakit gehio zer eguna den’ abestia sortzeko. Pozik dela dio, erantzunak asko eta oso anitzak izan baitira. Orain, materiala bateratzea tokatzen zaio, eta estreinekoz ‘ekoizle’ lanetan aritzea.

Zerk eraman zaitu konfinamenduaren gaineko abesti kolektiboa sortzera proposatzera?
Bi izan dira zergatiak. Alde batetik kanta bat egin nuelako. Biratik etorriak ginen justu konfinamendua hasi zenean hemen, Ipar Euskal Herrian. Konfinamendua ez zen erraza eta gainera jet lagarekin, lo egiteko zailtasun handiak nituen eta gau batean ukelelearekin hasi nintzen egiten kanta bat oso sinplea, lau akorde hartuz, eta saiatu nintzen egiten letra labur bat aipatzeko konfinamendua bera, sentsazio hori, nola galtzen dugun denboraren nozioa, eta batez ere lehendabiziko ondorioa dela ezin dugula ikusi maite dugun jendea. Telefonoarekin grabatu nuen momentuan bertan eta segidan joan nintzen lo egitera. Bi egun berantago, berriro maketatu nuen ikusteko zerbait egin nezakeen abesti horrekin, baina ohartu nintzen ez zela nire betiko estiloan eta bazuela aukera manera ezberdinetan eboluzionatzeko. Justuki, ohartzen nintzen sare sozialetan jendeak gauzak sortzen zituela, bazela orain arte ezagutzen ez genuen mugimendu kultural bat alde horretatik, baina, nola erran, penatua nintzen ikusiz bakoitzak egiten zuela berea eta beste behin ere kultura bilakatzen zela erakusteko zerbait, eta uste dut kulturak izaten ahal duela beste puntu bat, dela gauzak elkarrekin egitea.

Eta hortik kantu kolektiboaren proposamena.
Bai. Euskal kulturan izan dugu luzaz halako kultura parte hartzailea, bertso mugimendua hortik dator, mutxikoak dantzak eta euskal dantzak ere badira halako dantza batzuk non herriak parte hartzen duen, ez da bakarrik ikusgarri batetara joaten. Jende ezberdinen artean kanta bat sortzea ondo legokeela pentsatu nuen, eta hortik luzatu nuen ideia: nahi nuen jendeak entzutea kanta eta horren gainean kantatzea, ahotsak gehitzea, tresnak gehitzea… ideia zen bakoitzak egitea sentitzen zuena eta gero deskubritzea zer emango zuen dena bateratuta.

Deialdi oso irekia egin zenuen gainera, musikari zein ez musikariei zuzendua.
Bai, hori da jokoa, zeren eta errepikak hartzen ditu asteko egunak eta pentsatu nuen jendeak hartzen ahal dituela, haurrek ere bai, aukera ona litzatekeela parte hartzeko.

Zein erantzun izan du ekimenak?
Asteburu honetan hasi naiz dena batzen eta proiektuan sartzen, eta egia errateko nire arazoa da pentsatu baino askoz ere lan gehiago dela (barreak), zeren eta iritsi zaizkit gauza anitz. Egia errateko, dauzkat bateri oso bat gehi beste bateria eta perkusio batzuk, zortzi edo bederatzi gitarra ezberdin, Greziako tresna bat zinez berezia, tronpeta batzuk, Kataluniatik iritsi den saxo bat, piano bat Tahititik, ahotsak asko… batzuetan dira musikari profesionalak eta bestetan ez, pianoa adibidez da lagun baten haurrarena.

Eta nola eraiki behar duzu kantua?
Helburua da denak sartzea. Ez dut inor kanpoan utzi nahi, zeren eta parte hartu duen bakoitzak egon behar du kantuan, beraz orain jokoa da oreka atzematea, ez izateko mila gauzaz betea eta kanta sobera kargatua. Beraz, ari naiz ekoizle lanean (barreak)… ni ez naiz ekoizlea, baina horretan ari naiz, lehen estrofan nor ezartzen dudan norekin eta nola funtzionatzen duen ikusten, baita kalitatea kontuan hartzen ere, batzuk ezin direlako kantu osoan jarri, badaudelako arazotxoak eta abar. Niretzat, musikalki bederen, sorpresa musikal ederrena izan da konturatzea badugula denok musika kultura komun bat, adibidez badagoelako Aljeriako perkusio bat sartzen dudana gitarra elektriko batekin eta oso ondo doaz, momentu berean. Azken finean, nahi gabe, bakarrik dena ezartzen tenpoan, ohartzen zara gauza askok bat egiten dutela.

Horiek guztiak bateratzeak emango dizu lanik…
Hasi naiz nahasten baina ni ez naiz soinu ekoizlea, ez estudio bateko langilea. Nik egiten dudana normalean nire maketekin da lan basiko bat eta estudioan egiten dut lan profesionalekin. Orain dena egin behar dut etxean, beraz aukera da gauza berriak ikasteko eta, bai, izanen dut lan zenbait egunez... Pasa ditut bi egun erabat honen gainean asteburu honetan, eta erabaki dut ordu pare bat edo hiru egitea egunean, zeren hasia naiz honekin egiten amets gauez (barreak), beraz distantzia bat hartu behar dut ere, eta, nola irudiz konfinamenduak luzaz iraungo duen, ez dut presarik. Ez naiz beldur konfinamenduaren bukaera baino berantago amaitzea.

Sortzaile bezala nola daramazu itxialdia? Konfinamenduak irudimena askatu edo lotu egiten du?
Egia errateko, arraroa da. Objektiboki edo kanpotik begiratzen banu, batzuetan pentsatzen dut gauzak ez direla askorik aldatzen, zeren eta ohartzen naiz bizi naizela askotan holako okasiotan, non egoten naizen etxean gauzak sortzen eta ateratzen naiz ordu bat egunean aire pixka bat hartzeko. Baina oso ezberdina da inposatua zaizunean. Hor batez ere oso arraroa dena da egunak errepikatu egiten direla, eta zaila dena niretzat hori da, egunero izatea gutxigora behera egun bera, zeren eta nik maite dudana nire bizitzan da erritmoa aldatzea. Horrek sorkuntzaren gainean badu bere efektua, zeren eta bai ematen du kristoren denbora horretan sartzeko eta, beraz, sartzea lortzen badut bai izaten ahal dela emankorra. Baina beste alde batetik denbora nozioaren desagerpen osoak ez du laguntzen, ze sorkuntza askotan da manera bat aprobetxatzeko duzun denbora librea beste aktibitate batzuen artean eta orain, nola denbora librea dugun beti, ez da sortzen sentimendu hori. Uste dut sorkuntza dela beste elementu batzuen digestioa, eta orain ez gara kontaktuan beste elementu horiekin, beraz digestio gutxi egiten dugu. Alegia, bada aukera lana egiteko, baina ez da egoera onena sortzeko, gauzak barrenetik ateratzeko.