Jon Ormazabal

2021ko kirol egutegia, puzzleko piezak mailukadaka sartzen

Koronabirusa dela eta atzeratutako kirol probek, tartean Joko Olinpikoak, sekulako ekitaldi gaindosia sor dezakete datorren urteko udan.

Jokoetarako atzera kontaketak gora egin du halabeharrez. (Philip FONG/AFP)
Jokoetarako atzera kontaketak gora egin du halabeharrez. (Philip FONG/AFP)

Covid-19ak aldaketa ugari ekarri dizkigu denon ohiko bizimoduetara eta gauza bera egin du ospatu ezin diren hamaika kirol ekitaldiekin ere. Egoerak behartuta, Tokioko Joko Olinpikoak edo gizonezkoen futbol Eurocopak –Bilbon zenbait partida jokatzekoak ziren, tartean Espainiako selekzioak jokatu beharreko hiru– egutegia aldatu eta hurrengo urtera arte atzeratu dira. Momentuko larritasuna ikusita normal eta egokitzat jo daitezkeen erabaki hauek, ordea, arazo ugari sor ditzakete 2021ean, batez ere udan, kirol ekitaldi gaindosi bat sortzeraino. Puzzleko fitxa guztiek bat egitea ez da erraza eta mailukada aritzea tokatzen da.

Ezbairik gabe, aro modernoan bost urteko olinpiadan –Joko Olinpikoen arteko denbora, normalean lau urtekoa– jokatuko diren Tokioko Jokoek dena baldintzatuko dute, hau baita, maila guztietan, kirol ekitaldirik garrantzitsuena. 2020ko Jokoak bertan behera uzteko erabakia hartzea asko kosta zitzaion arren, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak azkar xamar erabaki zuen 2021ekoek data berak izango dituztela, hau da, uztailaren 23tik abuztuaren 8ra jokatuko direla, eta honek gainontzeko kirol modalitate eta lehiaketa nagusi guztietan eragina izango du era batera edo bestera.

Uda honetan jokatu behar zen beste ekitaldi nagusi batekin, Europako zenbait herrialdeetan –Euskal Herria tartean baina San Mamesen Euskal Selekzioaren partidarik gabe– jokatu beharreko gizonezkoen futbol Eurokoparekin ere antzerako erabakia hartu du UEFAk eta 2021eko ekainaren 11tik uztailaren 11ra jokatuko da. Data berdinetan, gizonezkoen Amerika Kopa ere jokatuko da.

Futbol Mundialerako moldatzen

Printzipioz, hiru ekitaldi hauen artean ez legoke data talkarik, Joko Olinpikoetara 23 urtez azpiko jokalariak joaten baitira –baliteke 24koak ere onartzea salbuespen gisa– eta adin mugarik gabeko beste hiru futbolari. Hala ere, kirolarientzat sekulako gaindosia suposa lezake partida pilaketak, ezin baita ahaztu ez dagoela argi aurtengo lehiaketak noiz eta nola amaituko diren eta 2022an Qatarren jokatu beharreko Mundialak ere ondorengo egutegi guztia hankaz gora jarriko duela.

Hortik, eta Espainiako Futbol Federazioko presidente izateko hauteskunde kanpainatik, ulertu behar da orain egun gutxi Iker Casillasek egindako proposamena. Real Madrideko atezain ohiak planteatzen zuen aurtengo denboraldiari hemendik hiru edo lau hilabeteetara berrekitea, Kopa eta Championseko finalak abenduan jokatuz. Hau da, denboraldia urte naturalera egokitu, Qatarko Munduko Kopa 2022ko abenduan jokatuko dela kontuan izanda, horretara egokitzen joateko. Javier Tebas, LFPko presidente eta Federazioko lehendakaritzarako Casillasen aurkari zuzena, azkar atera zen aukera hori zakarrontzira bota eta txapelketak uda honetan bertan amaitu behar direla aldarrikatuz. Telebista kontratuak nola edo hala bermatu behar dira.

Baina futbolaz harago, badira beste kirol ekitaldi garrantzitsu ugari eta aurten zalantzaz beterik ageri den Frantziako Tourrak hurrengo denboraldiko datak –uztailaren 2tik 25era– ere aldatu beharko lituzke, Joko Olinpikoekin bat ez egiteko. Aurten bezala, lehiaketa astebete aurreratu beharko dute, edo Tokio 2021eko txirindularitza probak egunez aldatu, txirrindulari onenei bi probetan egoteko aukera eman ahal izateko.

Igeriketa eta atletismoa

Urtean zehar ukatzen zaien protagonismoa hartzen dute atletismoak eta igeriketak Joko Olinpikoetan  –bi hauek dira kirolik nagusienak 15 egunez eta jokoen egutegia ere hauen arabera moldatzen da–, baina bi kirol hauek izango dira data berriek gehien kaltetuko dituztenak. Izan ere, 2021erako Munduko Txapelketak aurreikusiak zeuden bi kirol hauetan, Fukuokako igerilekuetan uztailaren bigarren hamabostaldian eta Oregongo estadioan abuztuko bigarren astean, baina data berriak bilatu beharko dituzte, ez baitira Joko Olinpikoekin bateragarriak.

Antzera gertatzen da eskubaloi eta saskibaloiarekin ere. Azken honi dagokionean, Eurobasketa datorren urteko abuztuaren amaierarako iragarria zegoen, baina zaila dirudi NBAko taldeek euren jokalariei bi lehiaketetan parte hartzeko baimena ematea. Oso da posible datak aldatzen amaitzea eta nesken Eurobasketa ere oso deseroso geratzen da, hasierako ideia zen bezala, ekainaren 17tik 27ra jokatzen bada. Jokoetarako prestaketa bezala hartuko lukete askok.

Eskubaloiari dagokionez, bi Munduko Txapelketa daude aurreikusiak 2021erako, gizonezkoa urtarrila eta otsaila artean, eta neskena urte amaieran. Printzipioz, ez legoke data talkarik, baina urte berean hiru txapelketa horren garrantzitsu jokatzeak ikusmina ken lekieke, batez ere Munduko txapelketei.