naiz

Abiadura Handiko Trenari bideratutako dirua osasungintzan txertatzea eskatu dute

Abiadura Handiko Trenaren aurkako hainbat plataformek, Osasunaren nazioarteko egunean eta koronabirusak sortutako egoeraren baitan, abiadura handiko trenen «alferrikako plataformetan xahutu nahi dituzten milaka milioi euroak» osasunera eta gizarte zerbitzuetara bideratzea eskatu diete erakundeei. 

Lautada, Arabako Haranak eta Gasteizko AHTaren aurkako plataformek aurretik egindako beste agerraldi bat. (AHTaren aurkako Plataforma)
Lautada, Arabako Haranak eta Gasteizko AHTaren aurkako plataformek aurretik egindako beste agerraldi bat. (AHTaren aurkako Plataforma)

Abiadura Handiko Trena (AHT) arbuiatzen duten eta egungo errailak behar bezalako hobekuntzekin erabiltzea eskatzen duten Lautada AHTrik EZ!, Arabako Haranak AHTrik EZ!, Gasteizko AHTrik EZ! eta AHTrik EZ! Nafarroako Koordinakundeak, «bizitzen ari garen momentu berezi honetan», horrelako proiektuen «zentzugabekeria» salatu dute.

Gogora ekarri dute egunero ikusten direla «gainezka» dauden ospitaleak, lan jardunaldia bikoizten duten osasun langileak, «alboratutako adinekoen egoitzak», «ospitale inprobisatu» bihurtutako hotelak edo maskarak etxean egiten dituzten norbanakoak.

Hau «gobernu desberdinek urteetan osasungintza eta gizarte zerbitzuak bezalako arloetan egin dituzten murrizketen ondorioz» gertatu dela azpimarratu dute. «AHTa bezalako azpiegitura handi eta alferrikako horiek hazi egin dira beste esparru batzuetan aurrekontuak murrizten ari zirenean ere, guztion diruarekin hiri sektoreen eta erosteko ahalmen handiko sektoreen aberastasunari legez kontra mesede eginez», nabarmendu dute ohar baten bidez.

Gogora ekarri dute espainiar Estatua dela, «alde handiz», biztanle bakoitzeko AHT kilometro gehien dituena, eta, era berean, kilometro bakoitzeko bidaiari kopuru baxuena duena. Hori dela-eta, gaur, Osasunaren nazioarteko egunean, «obrak eta proiektu berriak, lizitazioak eta AHTa garatzeko egiten ari diren administrazio kudeaketak berehala geldiaraztea» eskatu dute, eta abiadura handiko trenen «alferrikako plataformetan xahutu nahi dituzten milaka milioi euroak» osasunera eta gizarte zerbitzuetara bideratzea.

Era berean, trenak egun dituen ibilbideen hobetzea eta mantentzea proposatu dute, «herriak, hiriak eta industrialdeak lotuko dituen eta bidaiariak zein merkantziak garraiatuko dituen tren sozial bat eduki ahal izateko, lurraldean eremu isolaturik utziko ez duena eta ekonomikoki edonorentzat eskuragarria izango dena».