NAIZ

Bertan behera geratu da Seguran ospatzekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna

Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 30ean zen ospatzekoa Seguran. Koronabirusaren eraginez sortutako egoerak, ordea, eguna bertan behera uztera eraman ditu antolatzaileak. Hurrengo urtera atzeratzea erabaki dute.

Bertan behera geratu da Seguran egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna. (UEMA)
Bertan behera geratu da Seguran egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna. (UEMA)

Bertan behera geratu da Udalerri Euskaldunen Eguna. Seguran zen ospatzekoa heldu den maiatzaren 30ean. Maiatzaren amaieran jendea bilduko luketen ekitaldiak egitea posible izango den jakin gabe, zuhurtziaz jokatzea erabaki dute antolatzaileek eta hortaz, hurrengo urtera atzeratu dute hitzordua, ohar batean jakinarazi dutenez.

UEMA, Segurako Udala eta bertako hainbat talde, elkarte eta eragile elkarlanean zebiltzan antolatzen egun hau, zeina udalerri euskaldunen bilgune izan ohi den.

Garai batean urtero antolatzen zen Udalerri Euskaldunen Eguna. 2016tik aurrera bi urtetik behin egitea erabaki zen, txandaka, urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak antolatuz, eta hurrengo urtean Udalerri Euskaldunen Eguna eginez.

UEMAko kide diren 87 herriak biltzeaz harago, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da eguna, egitarau zabalarekin.

Antolatzaileek azpimarratu dute azken urteotan, gainera, «udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza, babesa eta garapena hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat bihurtu» dela, hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker.

«Horren isla izan nahi zuen Segurako hitzorduak», nabarmendu dute. Aurtengoak, ordea, datorren urtean beharko du, koronabirusaren eraginez sortutako egoera medio.