NAIZ

Ernai eta Aintzina antolakundeek BidEHbat ekimenaren sareko egitaraua argitaratu dute

Ernai eta Aintzina antolakundeek bidEHbat udaberriko ekimenaren egitaraua eta antolatutako ekintzak argitaratu dituzte. Apirilaren 8tik eta 11ra bitartean, arratsaldero ekitaldi batzuk jairratu ahal izango dira, hala nola hitzaldiak, mahai inguruak eta kontzertuak, apirilaren 12ko Aberri Eguna etxetik ospatzeaz gain.

BidEHbat ekimenaren egitaraua. (@ernaigazte)
BidEHbat ekimenaren egitaraua. (@ernaigazte)

BidEHbat ekimena, apirilaren 10, 11 eta 12an Uxue, Erriberri eta Tafallan egitekoa zena, sare sozialen bidez jarraitu ahal izango da. Ernai eta Aitzina antolakundeek iragarri dutenez, 18.00etan hitzaldiak emango dira eta 19.30ean kultur eskaintza. Ekitaldiak apirilaren 8tik 11ra bitartean antolatu dira. Eta igandean, berriz, Euskal Herria Batera dinamikak deitutako Aberri Egunean parte hartzera deituko dituzute gazteak.

Pasa den astean jakinarazi zutenez, Ernai eta Aitzina behartuta egon ziren udaberriko jaialdia sare sozialeetara eramatera, koronabirusaren ondorioz. «Hala eta guztiz ere, aurrez iragarritako egunak bereziak izatea nahi genuen, eta modu batean hala bestean ekimena presente egon eta itxialdian bada ere zerbait eskaintzea», azaldu dute antolankundeek.

Egitarauari dagokionez, apirilaren 8ko 18.00etan ‘Burujabetza denontzat. Ekonomia egunerokotik eraldatzeko bide bat’ hitzaldia antolatu dute, Beñat Irasuegi Olatukoop kidearen eskutik. 19.30ean bertso saioa izango da.

Apirilaren 9an, Miren Arangunenek ‘Gure genealogiatik ikasiz, iraultza feminsita antolatu’ hitzaldia emango du. Biharamunean, apirilaren 10ean, ‘Ingurumen krisiaren azterketa etxeko txokotik’ hitzaldia prestatu dute, Mikel Oterorekin. Jarraian, 19.30ean, Aitor Regueiro musikariak kontzertu bat emango du kolaborazio berezi batzuekin.

Jardueren azken eguna apirilaren 11 izango da, Ernaik eta Iratzar Fundazioak antolatutako ‘Covid-19: herri konfinatura begira’ mahai inguruarekin, 18.00etan. Gero, 19.30ean, ekitaldi nagusiaren txanda izango da eta jarraian Sigerubanek eta Pula Gzonek kontzertuak emango dituzte, beste kolaborazio berezi batzuekin. Eta apirilaren 12ko igandean, berriz, Euskal Herria Batera dinamikak deitutako Aberri Egunean parte hartzera deitu dituzte gazteak.

Ekitaldi guztiak labur.eus/bidehbat weborriaren bidez jarraitu ahal izango dira.