Elkartasun ekimenen mapa osatzen ari da webgune batean, Ipar Euskal Herritik abiatuta

Osasun krisiari aurre egin eta elkartasun sarea indartzeko Covid-eh webgunea sortu dute Ipar Euskal Herrian. Bidasoaren alde bateko zein besteko ekimenen mapa eskaintzen du webguneak. Auzolanean antolatzen diren ekimenak sustatu eta ikusgarritasuna ematea du xede.

Haritz Larrañaga|2020/04/07
Ekimensozialak
Etxerik gabeko pertsonentzat Atano pilotalekua prestatu duten lagunak, lanean. (Jon URBE/FOKU)

Honela azaltzen dute helburua covid-eh.eus webgunean egitasmoaren sustatzaileek: «Covid-eh elkartasun sareak, pandemia egoera honi Euskal Herrian, herriz herri eta auzolanaz erantzutea du xede. Jadanik antolatuak diren elkartasun sareei ikusgarritasuna eskaintzea eta dinamika berrien piztea izanen du ardatz. Horretarako, beharrezkoak diren baliabideak eta gomendioak plazaratuko dira».

Martxoaren 30etik edonorentzat sarean eskuragarri dagoen webgunea ipar Euskal Herrian sortu zen, baina Euskal Herri osoko ekimenak bildu nahi ditu eta pixkanaka «auzolagun mapa» osatzen duten herrien zerrenda luzatzen doa. Hazparne eta Irun izan dira azkenak elkartasun ekimen desberdinak eskaintzen dituzten herrien mapan atxikitzen. Horrela, Irungo Larreaundi auzoan adineko jendea laguntzeko zaintza sarea osatu da, eta Hazparnen, ostera, erosketak egiteko edo beste edozein zailtasun dituzten pertsonei laguntza eskaintzeko taldea sortu dute.

Guztira Euskal Herri osoan martxan diren 30 egitasmo agertzen dira momentuz mapan, 24 Ipar Euskal Herrian eta 6 Bizkaia eta Gipuzkoan, baina mapa hau, taldeak osatzen joan ahala eta jada martxan diren taldeen berri izan ahala osatzen joango da. Ondorioz, dinamika berri bat piztu nahi duen edonork inguruan beste egitasmorik baden edo jada lanean ari diren taldeen berri izango du.

Segurtasun arauak betez, dinamikak piztu

Herri bakoitzean eskaintzen den laguntza mota irudikatzen duten ikurrekin seinalatuak agertzen dira herriak mapan eta gainean klikatuz gero kontaktua eta eskaintzaren xehetasunak agertzen dira. Janari banaketa sareak, zaintza sareak, garraioan laguntzeko eskaintzak eta antzeko ekimenak topa daitezke.

Horrez gain, herrietan elkartasun eta laguntza «dinamikak piztu» eta «auzolagun EH karta interaktiboan» izen ematera gonbidatzen dituzte herritarrak. 

Auzolana, auzolanean sustatzeko bitarteko digitala sortu dutenek, ordea, segurtasun neurriak betetzeak duen garrantzia ere azpimarratzen dute, eta arriskuak gutxitzeko aholku praktikoak eskaintzen dituzte.

 

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.