NAIZ

Kolokan dago aurtengo EuskarAbentura espedizioa

Koronabirusaren pandemiak sortu duen egoera dela eta, aurtengo EuskarAbenturaren espedizioa kolokan dagoela adierazi dute. 2020ko uztailean espedizioa ez burutzea erabaki dute, eta printzipioz abuztuan izango da, baina maiatzaren amaieran hartuko dute azken erabakia.

EuskarAbentura espedizioaren aurkezpena. (Jon URBE/FOKU).
EuskarAbentura espedizioaren aurkezpena. (Jon URBE/FOKU).

EuskarAbentura egitasmoa hasi zenetik udaro 120 gazte euskaldunek osatutako espedizio talde batek Euskal Herria oinez zeharkatzen du uztailaren 1etik 31ra, Mauletik hasita Getxon amaituz.

Baina aurten, koronabirusaren kontrako neurriak kontuan izanik, duela hiru aste deklaratutako alarma egoera dela barne, Euskarabentura Elkarteak 2020ko uztailean espedizioa ez burutzea erabaki duela dioen komunikatua argitaratu du gaur.

Elkarteak adierazi duenez, momentuz abuztura atzeratuko da aurtengo espedizioa, «betiere egoera orokorrak baimentzen badu eta osasun baldintzak bermatzerik badago». Aurtengo edizioko gazte hautatuen zerrenda argitaratzeko data apirilaren 15ean zeukaten finkatuta eta hau ere maiatzera atzeratzea erabaki dute.

Hala ere, «egoera zail honen aurrean», behin betiko erabakia hartzeko maiatzaren amaierara itxarotea erabaki du elkarteak. Erabakia momentuan indarrean dauden neurri eta aholkuen araberakoa izango dela adierazi du EuskarAbenturak. Maiatzaren 31n, hautatuen zerrenda eta informazio gehiago argitaratuko da.

EuskarAbenturako matrikulazio epea abenduan zabaldu zuten eta martxoan itxi zen. 2003 eta 2004 urte bitartean jaiotako gazteei dago zuzenduta aurtengo edizioa.

Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, eta gazte euskaldunen artean sare berri bat sortu eta elikatzea zen espedizio honen helburu nagusietako bat.