NAIZ

Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote Rafael Correa Ekuadorreko presidente ohiari

Correa presidente ohia zigortu dute Ekuadorren. Bere ustez, herrialdeko oraingo agintariek «hurrengo hauteskundeetara aurkeztu ez nadin lortu nahi dute».

Rafael Correak «pailazokeriatzat» jo du epaia. (Kenzo TRIBOUILLARD/AFP)
Rafael Correak «pailazokeriatzat» jo du epaia. (Kenzo TRIBOUILLARD/AFP)

Ustelkeria sare bat gidatzea egotzita, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio Ekuadorreko Justiziarako Gorte Nazional Rafael Correa herrialdeko presidente ohiari. Gainera, zigor honen erruz bere eskubide politikoak ere galduko lituzke.

Sententziaren arabera, Correak eta haren alboko Jorge Glas presidente ordeak sobornatze delitua egin zuten eta Presidentziako bi funtzionario ohi izan zituzten laguntzaile gisa. Prozesu berean epaitutako beste hogei lagunetatik gehienak ere delituaren egilekide bezala epaitu dituzte.

Epaia momentuz ez da irmoa eta bigarren instantzia batek berretsi beharko du. Agintari ohiak, gainera, isun bat ordaindu beharko du eta, erreparazio modura, barkamena eskatuz plaka bat jarri beharko du Errepublikaren Presidentetza Eraikinean.

Sententziaren arabera, Correak ustelkeria sare bat zuzendu zuen 2012 eta 2016artean eta honi esker Alianza Pais bere alderdiarentzat legez kanpoko diru sarrerak lortu zituen, miloi askotako kontratuen truk.

«Pailazokeria», baztertzeko asmoz

Belgikan exiliatuta dagoen presidente ohiak «pailazokeriatzat» jo du epaia eta bere defentsak epaileen inpartzialtasuna zalantzan jarri du. Era berean, prozesuan zehar denbora eta forma akatsak egon direla salatu dute.

Correraren arabera, «agintariak desesperatuta daude denborak bete eta hurrengo hauteskundeetara aurkeztu ahal izan ez dezadan. Badakite, itzultzeko modua badut, hauteskundeak erraz irabaziko ditudala».

Azaldu duenez, preso hartuko dutela jakinda, prest legoke Ekuadorrera itzultzeko, hautagai bezala izendatua izateko aukera emango baliokete. «Baina ez dute egingo».