Album ilustratuak sortzeko Etxepare sariaren epea zabalik da

Haurrentzako album ilustratuak sortzeko urtero Nafarroako hainbat udalen eskutik banatzen den Etxepare sariaren epea zabalik da dagoeneko. Iaz Asier Iturralde ilustratzaileak eta Aintzane Usandizaga idazleak ondutako ‘Etxe honetan’ lana gailendu zen.

NAIZ|IRUÑEA|2020/04/08
Etxepare
Etxepare sariaren irabazlea ekainaren 30ean deliberatuko da.

Haurrentzako album ilustratuak sortzeko Etxepare sariaren deialdia ireki dute berau antolatzen duten Nafarroako hainbat udaletako euskara zerbitzuek. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira eta ez da moldatutako lanik onartuko ezta aurretik beste saririk jaso duenik ere.

Antolatzaileek zehazten dutenez, album ilustratu bezala ulertzen dira «testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak». Lehiaketan 16 urtez goitiko edonork har dezake parte, bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean. Egileek, gainera, nahi beste lan aurkez ditzakete. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21 cm baino txikiagoak izango, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izango dituzte (barneko orrialdeak bakarrik hartuko dira kontuan). Testuei dagokienez, ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko, zuriuneak barne.

Lanak bidaltzeko epea datorren maiatzaren 8an itxiko da eta epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna datorren ekainaren 30a izanen da. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan eta Pamiela argitaletxeak lana argitaratuko du jatorrizko hizkuntzan, alegia, euskaraz.

Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Lehiaketaren oinarri guztiak, hemen daude eskuragarri: etxeparesaria.eus/oinarriak.

Sariaren antolaketan Nafarroako hainbat udal daude, besteak beste, Agoiz, Lizarra, Tafalla, Uharte, Baztan, Gares eta Erronkari.

Iaz, 23 lan

Iazko edizioan 23 lan aurkeztu ziren, «inoizko kopuruik handiena» eta, denen artean, Asier Iturralde ilustratzaileak eta Aintzane Usandizaga idazleak ondutako ‘Etxe honetan’ lana gailendu zen. Ondoren, Pamiela argitaletxeak argitaratu zuen.

Epaimahaikideak Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea, eta Idoia Sobrino liburuzaina izan ziren; haien iritziz «oso ondo uztartu dituzte hitza eta irudia, eta komikiaren trazuak antzeman daitezke lanean».

Gainera, topikoetatik ihes egiten du eta oso hitz gutxi erabilita oso ondo eta lerro artean erakusten du «familia amak, osabak eta bi pertsonaiek osatzen dutela, aitatxi agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat dela, eta bera dela zaintza lanez eta kozinatzeaz arduratzen dena, errezeta bat eta guzti emanez».

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.