NAIZ

«Prozesuaren bukaerara iristeko bake iraunkorraren ikuspegia elikatu behar da»

ETAren armagabetzearen hiru urte betetzen diren egunean Ipar Euskal Herriko Delegaritzak agiria zabaldu du gatazkaren ondorio guztiak ahalik eta hobekien bideratzeko -aipamen berezia egiten dio bere idatzi horretan 30 urte kartzelan bete duten lau preso lapurtarren egoerari- bake iraunkorraren ikuspegia elikatzeko beharra nabarmenduz.

ETAren armagabetzearen eguna, Baionan. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)
ETAren armagabetzearen eguna, Baionan. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)

Ipar Euskal Herriko delegazioak agiria zabaldu du 2017ko apirilaren 8an Baionan gauzatu zen ETA erakundearen armagabetzearen egunaren hirugarren urtemuga kari. Agiri horretan, delegazioaren partaideek, berdin hautetsiek zein gizarte zibileko ordezkariek, ekimen historiko hori gauzatu zenean zabaldu zuten mezua gogora ekarri dute.

«Desarmatzea iragana eta etorkizunaren arteko haustura puntua markatu zuela» aldarrikatu zuten Lapurdiko hiriburuan bildutako milaka herritarren aitzinean.

Bide batez, Euskal Herria «bake prozesuaren erdian» zegoela nabarmendu zuten, biktima guztien aitortza eta presoen egoera aldatzeko beharra nabarmenduz.

«Handik hiru urtetara, aktualitatea dramatikoa da» adierazi du bere gaurko agiriak Frantziako Justizia Ministerioarekin elkarrizketa eremua zabalik duen euskal delegaritzak.

Hala gaur egunez egun Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Frederic Xistor Haranburu kartzelaratu zituztenetik 30 urte betetzen direla oroitarazi du.

Preso lapurtarrek 1997an bizi arteko zigorra jaso bazuten ere, 15 eta 18 urte arteko bete beharreko baldintza jasotzen zuten ezarri dizkioten kondenek.

Hala eta guztiz ere denbora hori alpaldi bete bazuten ere, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkeztu dituzten eskaera guztiak baztertuak izan dira, delegazioak salatu duenez «prokuradoreak (fiskalak) sistematikoki helegitea aurkeztu duelako».

«Egoera ulertezina, bidegabea eta arriskutsua da» nabarmendu du Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria buru duen delegazioak.

«Gaur askatzeko erabakirik ez bada, horrek esan nahi du preso hauek hi arte kondena betetzeko aukera politikoa onartzen dela» iradoki du ondoren.

Euskal delegazioak egoera hori onargaitza dela salatzen du. Baita presoen gain Parisek harturiko bideak ekar ditzakeen ondorio txarrei buruz oharra egin duela.

«Bake prozesuaren une erabakigarrian gara. Bukaerara iristeko, eta gatazkaren ondorio guztiak ahalik eta hobekien bideratzeko, bake iraunkorraren ikuspegia elikatu behar da» azaldu du euskal delegazioak. Gizarteak ahalegin guztiak egiten dituela nabarmendu ondoren, Emmanuel Macron frantses presodenteak iazko maiatzean Biarritzen zabaldu zuen mezua gogora ekarri du aipaturiko taldeak.

«Hitz publikoan sinetsi nahi dugu, eta Estatuko maila gorenean publikoki hitz emandakoa errespetatzea nahi dugu» adierazi du agiri horren amaieran euskal ordezkaritza zabalak.

Hau da adierazpenaren sinatzaileen zerrenda:

Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko Lehendakaria eta Baionako auzapeza (UDI alderdikoa).

Vincent Bru, diputatua (Macronen aldeko gehiengoaren kidea).

Frederique Espagnac, senataria eta Akitania Berriako lurralde kontseilaria ( PS alderdikoa).

Max Brisson, senataria eta Biarritzeko eskualdearentzat departamenduko kontseilaria (Les Republicains alderdia).

Emilie Dutoya, Akitania Berriako lurralde kontseilaria (PS alderdikoa).

Alice Leiciagueçahar, Akitania Berriako lurralde kontseilaria (EELV alderdikoa);

Michel Veunac, Euskal Elkargoko lehendakari ordea, Akitania Berriako lurralde kontseilaria eta Miarrizteko auzapeza (MoDem alderdikoa) ;

Kotte Ecenarro, Euskal Elkargoko lehendakari ordea, Hendaiako auzapeza eta Hendaia Hego kosta eskualdearentzat departamenduko kontseilaria (PS alderdikoa).

Alain Iriart, Euskal Elkargoko lehendakari ordea eta Hiriburuko auzapeza (EHBAI alderdikoa).

Lucien Betbeder, Auzapezen Biltzarreko lehendakaria eta Lekorneko auzapeza.

Michel Tubiana, Frantziako Giza Eskubideen Ligako Ohorezko lehendakaria eta Bakegilea.

Anaiz Funosas, Bake Bideako lehendakaria.

Michel Berhokoirigoin, bakegilea

Jean-Noel «Txetx» Echeverry, bakegilea