NAIZ

Bake zantzuak Yemengo gerrara ere iritsi dira azken orduetan

Erbestean dagoen Yemengo Gobernuaren alde Saudi Arabiak gidatzen duen koalizio militarrak su-eten bat iragarri du gaur goizeko 9.00etatik aurrera. Bide batez, huthi matxinoek atzerriko tropa guztien aldentzea ardatz izango zukeen bake-plana aurkeztu dute.

Huthien jarraitzaileak Yemengo banderekin egunsentian. (Mohammed HUWAIS-AFP)
Huthien jarraitzaileak Yemengo banderekin egunsentian. (Mohammed HUWAIS-AFP)

Yemen, koronabirusaren moduko osasun krisi bati aurre egiteko munduko herrialderik prestatugabeenetarikoa izanik, Nazio Batuen Erakundearen su-eten orokor baten aldeko deia erregu larria bilakatu da azken asteetan Estatu arabiar txiroaren kasuan.

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio suniaren bozeramaleak, Turki al Malkik, bi asteko su-etena iragarri zuen atzo gauean. Gaur, osteguna, goizeko 9.00etan zen hastekoa.

Al Malkiren esanetan, erabaki honek Covid-19 pandemiaren aurrean Martin Griffiths Yemenen NBEk duen ordezkariak egin zuen deialdia betetzeko «beharrezkoak diren baldintzak» sortu nahi ditu.

Horrela, bada, erbestean dagoen Yemengo Gobernua, huthien ordezkariak eta koalizio suniaren arduradun militarrak Griffiths-ekin biltzea proposatu du general saudiarabiarrak, «su-eten iraunkor baten alde neurriak adosteko».

Huthien mugimenduak, ordea, badu bere proposamen propioa. Ryad-ek su-etena iragarri baino minutu batzuk lehenago, bake-akordio baterako zirriborroa helarazi zion NBEri, bere komunikabideak erabilita eta Muhamad Abdusalam bozeramaleak sinatuta.

Operazio militar guztiak eteteko eta su-eten iraunkor baterako proposamenak «Yemen osoan atzerriko indarren presentziarekin amaitzea», eskatzen du, «lurralde osoan, irlatan, portutan eta aire eremuan».

Matxinoek, 2014an Abdo Rabu Mansur Hadi presidentearen Gobernua boteretik bota eta Sanaa hiriburua eta Yemengo iparralde eta mendebalde ia guztia kontrolpean hartu zutenek, koalizio suniak 2015etik herrialdeari inposatu zion blokeoa bertan behera uzteko exijitzen dute, airetik, itsasotik eta lurretik.

Iranen babesa duen mugimenduak dei egiten du yemendarren artean eztabaida politiko bati ekiteko, beti ere trantsizio prozesu baterako oinarriak negoziatuz.

Aurreko martxoaren 25an, Huthien Kontseilu Gorenaren buruak, Mahdi al Mashat-ek, dei egin zion Saudi Arabiari «amore eman eta arrazoimenari heltzeko», bakearen bidea aurkitzeko.

Egun hartan bete zen gerraren V urteurrena, munduan egun gertatzen ari den giza-hondamendirik handiena eragin duena.

Griffiths NBEren ordezkariak «egoera kritiko honen aurrean erabaki hau hartu izanagatik» eskerrak eman dizkio Saudi Arabiari.